Nagore BELASTEGI

Athletic eta Realaren arteko norgehiagoka taula gainera eramango dute II. Bertso Derbian

Abenduaren 3an ospatuko dute Bertso Derbiaren bigarren edizioa. Iaz Bilbon egin zuten lehenengo aldiz eta arrakasta izan zuenez, aurten Donostiako Antzoki Zaharrean izango da (19.00). Ekimen honen berri eman dute gaur bi taldeetako ordezkariek.

Bertso Derbiaren aurkezpenean betaurreko gorri-urdinak erabili dituzte. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Bertso Derbiaren aurkezpenean betaurreko gorri-urdinak erabili dituzte. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Amaia Agirre izango da Realeko kapitaina eta Igor Elorza Athleticekoa, eta beraiekin batera beste zazpina bertsolari igoko dira taula gainera norbera bere taldearen ikuspuntua defendatzeko prest. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak azpimarratu du edozein derbitan antzematen den ezaugarria denak euskaldunak izatea dela, eta horren ondorioz denek kultura bera eta hizkuntza bera dutela. «Honen adierazlea da bertsolaritza, lehia sanoa eta euskal kultura uztartzen dituelako», aipatu du.

Joseba Ibarburu Real Sociedad Fundazioko ordezkaria eta Jose Angel Iribar Athleticeko atezain historikoa ere ekitaldiaren aurkezpenean izan dira. Lehenak azaldu du iaz Athleticek Bertso Derbia egiteko proposamena egin ziela eta Realak onartu egin zuela bi taldeen artean dagoen harreman ona indartzeko bidean. Iribarrek, berriz, nabarmendu du bertsolariak eredugarriak direla futbolarientzat eta sortzen duten giro hori zelaira zein kalera trasladatu nahi dutela.

Aurtengo kartelaren diseinua Usandizaga BHIko Diseinu Grafikoko ikasle Yeray Gasconen esku egon da. Saioaren xedea ondo pasatzea eta bi taldeen ikuspuntua entzuleei helaraztea denez, kolore gorria eta urdina dituzten betaurrekoak erabili ditu ideia hori transmititzeko. Txapela bat gelditzen saiatzen ari den atezainak «dimentsio berri batean» sartzera gonbidatzen gaitu. «Futbolariak eta bertsolariak, biak, zutik egoten dira eta bata besteari golak sartzen saiatzen dira», adierazi du diseinatzaileak.