Maider IANTZI
DONOSTIA

Mundu osoko euskaldunei txioak bidaliz, euskara #mundiala dela erakutsi nahi du kanpaina batek

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dela-eta, #mundiala kanpaina sortu du Lakuako Gobernuak EiTBrekin lankidetzan, munduan zabaldutako milioi bat hiztunak konektatzeko asmoarekin.

Mundiala.net webgunea.
Mundiala.net webgunea.

Hitza, zurea, nirea, gurea, denona, anitza, giltza, bizikidetza, zubia, dibertigarria, modernoa, integratzailea, bizia, zehatza, gaztea, sentimendua, koloretsua, etxekoa, kalekoa... mundiala! Mila solasek egiten dute bat Mundiala.net webgunean. Doinu eta kolore desberdinak dituzte soinean eta irri bat barruan. Buenos Airesetik datoz, Ahetzetik, Berlinetik, Montrealetik, Barakaldotik, Vienatik, Tarifatik, New Yorketik...

Atarian ageri den mapa koloretako borobilez betetzen ari da jendeak txioak bidali ahala. Mezu bat jasotzen den lekuan argi bat pizten da, hor euskaldun bat dagoela adieraziz. Pertsona horri bidali zaion mezua irakurtzen ahal da, eta nondik bidali zaion jakin, Twitter eta Google Maps euskarriak gurutzatuz egindako esperimentuan.

Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jarri ditu martxan #mundiala izeneko webgunea eta kanpaina, EiTBrekin elkarlanean, datorren asteartean ospatuko den Euskararen Eguna oroitzeko. «Oraingoan, euskara mundiala dela gogorarazi nahi da, batetik, gure hizkuntza delako, eta bestetik, munduan zehar dituen ia milioi bat hiztunek hartzen duten garrantziagatik. Gainera, euskara Twitterren dauden 35 hizkuntzetako bat da», azaldu dute sustatzaileek.

Egitasmo honekin euskararen erabilera indartu nahi dute Interneten. Ideia denen artean, Euskal Herrian eta hemendik kanpo bizi diren lagunei idatziz, txio pila bidaltzea da.