@arianekamio
Donostia
Entrevue
Izaskun Kerejeta
Ginekologoa

«Emakumeek bagina estutu nahi dute senarra neska gazteago batekin ezkontzen bada»

Izaskun Kerejeta ginekologoa da Saudi Arabiako erietxe batean. Lan gehien obstetrizian egiten du, erditzeetan. Bertako emakumeek 8, 9 edo 10 haur izaten dituzte. «Ahal duten gehiena». Gizonezkoek lau emakumeekin ezkontzeko aukera dute eta gazteago batekin ezkontzen badira, baginoplastien eskaera izaten da ohikoena. Hau da, baginako muskulatura estutzea.

Donostiako erredakzioan ezarri genuen hitzordua Kerejetarekin. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Donostiako erredakzioan ezarri genuen hitzordua Kerejetarekin. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

«Saudi Arabiako ezkontzak tratu bidez egiten dira», kontatu du Kerejetak. Gizonezkoak emakumearen familiari diru kopuru bat ordaintzen dio emaztearen truke. «Gurekin lan egiten duen erizain batek 10.000 euro ordaindu zizkion bere emazte izango zenaren familiari. Truke merkeenetakoa da hori», dio. Guztia emakumearen familiaren maila ekonomikoaren araberakoa da. Gero eta aberatsagoak izan, ezkontzaren truke ere gehiago ordaindu behar da.

Bertako erlijioaren arabera, gizonezkoek gehienez lau emazte izan ditzazkete. Hori ere faktore ekonomikoaren araberakoa da. Dirua duen gizonezko batek errazago izango ditu emazte bat baino gehiago.

Kerejetaren arabera, gazte ezkontzen dira bertako emakumeak, «16 urterekin edo», eta haur ugari izaten dituzte. «Haurdun geratzen dira ahal duten aldiro, senarra lotuta edukitzeko era da beraientzat». 8, 9 edo 10 ume izan ditzakete, edo gehiago, gorputzak ahalbidetzen dienaren arabera.

Erditzeen artatzea hemengoaren berdina edo antzekoa da, baina jaio ondorengo orduak ez dira etxean dugun ereduaren berberak. «Haurra jaiotzen denean, erizainekin egoten da, eta amak bere gelan duen telebista baten bidez ikusten du umea». Azken urteetan bularra ematearen aldeko kanpainak abiatu dira gurean, jaio berriarentzat osasuntsuena dela iritzita. Saudi Arabian, baina, edoskitzea ez da jardunik ohikoena. «Ni saiatzen naiz esaten amaren esnea dela onena beraien haurrentzat, baina gehienez hilabetez ematen diete bularra, ez dute gehiago nahi».

Etxera joaten direnean ere atzerritik kontratatutako emakumeak egiten dira haurren heziketaren kargu. «Beraiek ume asko izaten dituzte, baina etxean zaintzaileak edukitzen ohituta daude, eta haiek dira haurrak hezten dituztenak, ez gurasoak».

Episiotomia gero eta gehiago

Euskal Herriko erietxeetan ahalik eta episiotomia gutxien egiteko joera hartu da azken denboran. Episiotomia erditze garaian emakumearen baginako ezpainean ebakidura bat egitean datza, haurra errazago atera dadin. Horrek, ordea, eragin nabarmena du ondorengo errekuperazio prozesuan.

Saudi Arabian gero eta gehiago egiten dira. «Hemen egiten dugunaren kontrakoa gertatzen da han. Gero eta episiotomia gehiago egiten dira, ondoren bagina estuago josten delako». Zesareak ere ugariagoak dira. «Askok zesarea egiteko eskatzen dute, baginako muskulatura malgutu ez dadin erditzearekin».

Eta zergatik hori? Aurrez esan bezala, gizonezkoek lau emakumerekin ezkontzeko eskubidea dute, eta gazteago batekin ezkontzen badira, atrakzio gisa, bagina estu izan nahi dute emakume arabiarrek.

«Oso ohikoa da baginoplastiak eskatzea», azaldu du Kerejetak. Hau da, bagina estutzeko ebakuntza egitea.

Bera, baina, zalantzati agertzen da halako jardueren aurrean eta askotan bere barrurako pentsatzen du: «Zertarako egingo diot baginoplastia hilabete gutxi barru berriro haurdun egongo bada?».

Abortorik ez

Saudi Arabian abortatzea legez kanpokoa da eta Kerejetaren erietxean ere ez da abortu espliziturik egiten. Kontraesanak, ordea, badaudela adierazi digu. Esate baterako, intseminazio edo in vitro teknikaren bitartez lortutako haurdunaldietan.

Kasu horietan arruntagoa da fetu bat baino gehiagoko haurdunaldiak izatea. «Sabelean hiru haur baditu, esaterako, horietako bat anulatzeko aukera ematen zaio bikoteari. Eta hori ez al da ba abortu bat probokatzea?», galdetu du.

Antisorgailuak

Zuzenean galdetu diogu ea bertako biztanleek heziketa sexualik baduten, eta ezetz dio Kerejetak. Hala ere, beraien artean gai horretaz asko hitz egiten dutela azaldu du eta gazteengan antisorgailuen erabilera gero eta ugariagoa dela aipatu du.

«Ezkontzear direnean edo ezkonberritan, oraindik haurrik eduki nahi ez dutela esaten dizute eta antisorgailuak baliatzen dituzte horretarako». Gomendio hori egiten die gainera Kerejetak, nahiz eta askotan nahi baino gauza gutxiago esaten dituen bere kontsultan.

Erizain batekin lan egiten du eta baita ingelesetik arabierara itzulpena egiten dion itzultzaile batekin ere. «Askotan ez dakizu itzultzaileak gaixoei zer esaten dien eta hobe izaten da gauzak ahalik eta zuzenen eta egokien esatea». Hitzak ondo neurtu beharrean aritzen da.