NAIZ.INFO
DONOSTIA

‘Hiri pianista’ kartelak iragarriko du Donostiako Heineken Jazzaldia

Asier Nazabalek eta Carolina Ruizek irabazi dute Donostiako 49. Heineken Jazzaldiaren kartel lehiaketa. Jaialdia uztailaren 23tik 27ra ospatuko da.

Kartel irabazlea.
Kartel irabazlea.

Asier Nazabalen eta Carolina Ruizen ‘Hiri pianista’ lanak irabazi du 49. Heineken Jazzaldiaren kartel lehiaketa, antolakuntzak jakinarazi duenez. 1.200 euroko saria jasoko dute.

Carolina Ruiz Cerdanyolakoa (Bartzelona) da jaiotzez baina Hondarribian bizi da. Asier Nazabal, berriz, Donostian jaio eta bertan bizi da. Donostiako Usandizaga Institutuan ezagutu zuten elkar, Diseinu Graduko ikasle zirela. Iaz amaitu zituzten ikasketak.

‘Hiri pianista’ elkarrekin diseinatu duten lehen kartela da eta bientzat ere lehiaketa batera aurkezten diren lehenengo aldia izan da. Azaldu dutenez, Donostia identifikatzeko elementuak bilatu zituzten, baina topikoetako batzuk alboan utziz, Kontxa edota Haizearen Orrazia kasu. Horri, kartelaren behealdean ageri diren teklak gehitu zizkioten, musika iradokitzeko asmoz.+

Guztira 1.183 kartel aurkeztu dira lehiaketara eta publikoak emandako botoei esker, horietako 10 finalera pasa ziren. 89.980 boto jaso ziren.