Naiz.info
Hendaia

Sozialistak eta abertzaleak elkarrekin lanean aritzeko prest dira Hendaian

Herriko bozetako bigarren itzuliari begira aliantza egin dute Hendaian Alderdi Sozialistak eta abertzale ezkertiarrek. Hendaia Biltzenek lau ordezkari izango ditu Kotte Ecenarro buru izango duen zerrenda sozialistan. Negoziaketetarako baldintzen artean Hendaiako ikastola berria eta zentro ekonomiko-soziala izan dira.

Abertzale ezkertiarrek eta PSk agerraldi bateratua egin dute Hendaian. (Aurore LUCAS/ARGAZKI PRESS)
Abertzale ezkertiarrek eta PSk agerraldi bateratua egin dute Hendaian. (Aurore LUCAS/ARGAZKI PRESS)

Herriko Etxeetako bozetarako akordioa erdietsi dute PSk eta ezker abertzaleak (Hendaia Biltzen) Hendaian. Abertzaleek lau hautetsi izango dituzte Kotte Ecenarro buru izango duen zerrenda horretan (bi seigarren postuaren aurretik, eta beste bi toki aukeragarrietan). Hego Lapurdi hirigunean, berriz, ordezkari bat.

Kotte Ecenarrok ezkerreko zerrenda osatu nahi zutela oinarri harturik komunistekin negoziaketek porrot egin ondoren Hendaia Biltzen zerrendara hurbildu eta negoziaketak «oso emankorrak» izan zituztela adierazi du.

Hitzarmena sinatzeko orduan ezarritako baldintzetako bat hainbeste zeresan sortu duen Hendaiako ikastola berriaren etorkizuna izan da. Ecenarrok prefeta gai horren inguruan prestatzen ari den zirkularra ezagutzera eman eta gero proiektua egiten hasiko dela erran du. Egungo herri eraikinetan diren gela hutsak edo eraikin berri bat egiteko prest dela nabarmendu du sozialistak.

Hendaiako ezker abertzaleak lehen momentutik aliantzak egiteko jarritako baldintzen artean zentro ekonomiko-sozial baterako proiektua ere badago. Battitta Sallaberryk negoziatzeko asmo errealik ez zuela ikusirik sozialistek izan duten proposamena oso egokia zela eta elkarrekin joatea deliberatu zutela azaldu du.