NAIZ.INFO
BAIONA

Herriko Etxeetako bozek utzitako egoeraren balorazio baikorra egin du Baterak

Batera plataformak agerraldia egin du Baionan, Herriko Etxeetako bozen ondotik, Lurralde Elkargoa eta euskararen aldeko hizkuntza politika bat sostengatzen duten auzapezen kopuruari buruz irakurketa egiteko. Baikor agertu dira.

Batera plataformako kideek Baionan egin dute agerraldia. (Sylvain SENCRISTO/AFP PHOTO)
Batera plataformako kideek Baionan egin dute agerraldia. (Sylvain SENCRISTO/AFP PHOTO)

«Panoramala oso ona» dela adierazi dute Baterako kideek, aipatu aldarriek «lehen baino sostengu zabalagoa» dutelako.

Esan dutenez, 90 auzapez daude Lurralde Elkargoaren alde eta 64 herri mailako hizkuntza politika baten alde. Plataformak irakurketa haratago eraman du Vallsen Gobernuak proposatu duen deszentralizazio lege berriak Ipar Euskal Herriarentzako aukera berriak ematen ahal dituelakoan.

Prefetak Ipar Euskal Herriarentzako bozen ondoren egin behar duen lurralde egituraren proposamenen zain direla nabarmendu dute plataformatik, eta horren arabera eztabaida edo aldarrikapenari bidea emanen diote. Lurralde kontratua ere izan dute hizpide, urtea bukatu aurretik erabakia izan behar baita. Negoziaketetan hasi aitzin maiatzaren 16ean osatuko den Hautetsien Kontseiluak eztabaidatuko du.


Hauteskundeen emaitzak baloratzeko Baterak bozen karietara eginiko galdeketa eta Auzapezen Biltzarrak Lurralde Elkargoari buruz bozkatutako mozioa izan dute oinarri. Ipar Euskal Herriko erakundeari buruz egungo 90 auzapez alde agertu dira. Herri txikietako beste 11 auzapezek ere aldeko iritzia agertu dute, nahiz eta bi kontaketa horietan sartu ez.

Herri Elkargoei dagokionez ere egun diren hamar presidenteetatik bost elkargoaren alde agertu dira: Euskal Kosta-Aturriko Jean-Rene Etchegaray, Errobi-Aturriko Roland Hirigoyen, Garazi-Baigorriko Beñat Arrabit, Hego Lapurdiko Peyuco Duhart eta Xiberoako Dominique Boscq.

Jakes Bortayrouk nabarmendu du Ipar Euskal Herriko biztanlegoaren gehiengoa bost herri elkargo hauetan biltzen dela.



Zerrenda horietan agertzen ez diren beste bost presidenteetatik hiru kontra agertu dira: Amikuzeko Eric Narbaits-Jaureguy, Errobiko Paul Baudry eta Iholdi-Oztibarreko Beñat Cachenaut. Hazparne eta Bidaxuneko presidenteak axuantak izanki, Baterak ez du gai honen inguruko haien iritzia ezagutzen.



Herri mailan hizkuntza politika eramatearen alde 64 auzapez agertu dira, horien artean hiru eskualdetako herri handienak izanik: Angelu, Azkaine, Baigorri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Donibane Lohizune, Hazparne, Hendaia, Hiriburu, Itsasu, Kanbo, Maule, Urruña eta Uztaritze.



Lurralde Elkargoaren eta euskararen aldeko sostenguak aurreko legealdian baino zabalagoak izan direla nabarmendu du Jakes Bortayrou Baterako kideak eta «heldu diren sei urteetarako perspektiba interesgarria» uzten duela gaineratu du.