NAIZ.INFO
BILBO

BECek 150 milioi euroko mailegua birfinantzatzeko akordioa lortu du

Barakaldoko BECek 150 milioi euroko mailegu sindikatua birfinantzatzeko akordioa sinatuko du datozen egunetan sei banku erakunderekin. 2016 eta 2017. urteetan ordainduko den mailegu sindikatuaren bidez egingo da finantziazioa. Mailegua ordaintzeko epea ekainaren 14an amaitzen zen eta azpiegitura eraikitzeko inbertsioa finantzatzeko eskatu zen.

Bilbao Exhibition Center, Barakaldon. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
Bilbao Exhibition Center, Barakaldon. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Gernikan burutu den Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkuran egin du BECen mailegua birfinantzatzeko iragarpena Imanol Pradales Bizkaiko Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak. Eragiketa Bizkaiko Aldundiak eta Lakuako Gobernuak elkarren artean bermatu dute, erdi bana, Ekonomia Sustatzeko Saileko arduradunak azaldu duenez.

Pradalesek gogorarazi du «beste urrats bat» dela BECen Lehiakortasun eta Iraunkortasun Planean ezarritakoaren barruan. «Garaiz eta forma egokian» bete den beste neurri bat dela esan du, eta BECen etorkizuna «lasai hartzeko aukera» ematen duela, finantziaziorako aurreikuspena «egonkorra eta argia» baita.

Batzar Nagusien osoko bilkuran, Pradalesek esan du «berri oso ona» dela, eta talka planean ezarritakoa lantzen eta betetzen jarraituko dutela gaineratu du.

Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak adierazi du Lehiakortasun eta Iraunkortasun Planean jasotako neurriei esker, 2014an BECek «nabarmen» hobetuko duela bere Ebitda negatiboa. Bere esanetan, %30 inguru hobetuko du, 2012rekin alderatuta, eta %65, 2013. urtearekin alderatuta. Bizkaiko Aldundiak eta Lakuak adostutako plan honetan aurreikusitakoaren arabera, BECek 2016an lortuko du oreka operatiboa.