NAIZ.INFO
DONOSTIA

Deskargako mendateko lanetan ostiralean jazotako istripu baten berri eman du Bidegik

Bidegik Lan Ikuskaritzari eskatu dio Deskargako lanetan joan den ostiralean gertatutako zauriturik gabeko istripua ikertzeko. Ez obrako enpresek ez eskumena duten erakundeek ez zuten ezbeharraren berririk eman.  

Deskargako mendateko lanak. (Gotzon ARANBURU)
Deskargako mendateko lanak. (Gotzon ARANBURU)

Ohar baten bitartez, Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi du Lan Ikuskaritzari eskatu diola joan den ostiralean Deskargako lanetan, GI-632 errepidean, gertatu zen istripu bat ikertzeko.

Aldundiak zehaztu duenez, iragan asteartean, Bidegiko ordezkari bat joan zen GI-632 errepideko Antzuola-Urretxu zatiko lanetara, Bidegik esleitutako obra izakin, egin ohi dituen kontrol lanak burutzera. Orduan jakin zuen, «bide ofizialetik ez izan arren», aurreko ostiralean istripua gertatu zela.

Hala, Obra Zuzendaritzako Lan eta Segurtasun arduradunari gertatutakoari buruzko txostena eskatu zion eta egun horretan bertan egin zuen txostena obra zuzendaritzak (Eptisak).

Atzo, Bidegik eskaera egin zion Lakuako Lan Ikuskaritzari, gertatutakoa iker dezan, hari baitagokio lan istripuak ikertzea. Sindikatuei ere eman zuen erakunde publikoak ezbeharraren berri.

Esan dutenez, bi arrazoiengatik eman diote Lan Ikuskaritzari istripuaren berri. Alde batetik, «larria iruditzen zaiolako obrako arduradunek ez Bidegiri ez istripuak ikertzeko ardura duten erakundeei istripuaren berri ez ematea, eta hori onartezina izateaz gain, traba delako ardurak argitze aldera».

Bestetik, «lan badintzak eta lan segurtasuna errespetatuak izan daitezen duen konpromisoagatik».

«Eptisak egindako txostenaren arabera, obrako enpresek bazekiten istripua izan zuen makinari zerbait gertatzen zitzaiola, baina ez zuten inolako neurrik hartu, eta hori onartezina da», esan du Aldundiak.

Era honetan, dei egin diete gai hauetan eskuduntzak dituzten erakundeei arduraz joka dezaten.