NAIZ.INFO
IRUÑEA

Bardeetako tiro eremuaren aurkako martxa egingo dute heldu den igandean

Bardeetako tiro eremuaren aurkako XXVII martxa egingo dute heldu den igandean, ekainaren 1ean. Militarrentzako dirua gizarte gastuetara bideratzeko aldarrikatuko dute.

Armada espainolaren maniobrak Bardeetan, pasa den martxoan. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Armada espainolaren maniobrak Bardeetan, pasa den martxoan. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Bardeetako tiro eremuaren aurkako XXVII martxa aurkeztu du gaur goizean Iruñean Poligonoaren Aurkako Asanbladak. 11.30ean elkarretaratzea egingo dute Aguilaresen, eta 12.00etan Bardeetarako bidea hartuko dute.

Milagros Rubiok azaldu duenez, 15 alderdi, 9 sindikatu eta 18 gizarte kolektiboren babesa du martxak.  ‘Tiro eremua, ez. Gastu sozialak, bai’ leloa izango du.

Rubiok Pedro Morenes Defentsa ministro espainolaren hitzak ekarri ditu gogora; Morenesek esan zuenez, defentsan gastatzen den dirua «gastu sozial» bat gehiago da. Asanbldako kideak erantzun dio «armetan gastatzen dena baino gastu antisozialagorik» ez dagoela, eta kritikatu egin du armetara zuzentzen den dirua familietara, langabeziara edota hezkuntza, osasuna eta kulturan egiten diren murrizketak arintzera ez bideratzea.

Nafarroa eta Aragoako populazioa «babesgabe» dagoela ere nabarmendu du, «ez baitago botere zibilik» Bardeetan NATOren maniobretan erabiltzen den armamentua kontrolatzen duenik.

Nafarroak Bardeetako instalazio militarra 1951tik «jasaten» ari dela gogora ekarri du eta gizartea mobilizatzen ez bada, 2028 baino «harago» ere geratuko dela ohartarazi du, NATOk eremu hori ustiatzeko duen epearen bukaerari erreferentzia eginez.