NAIZ.INFO
BAIONA

Zortzi ikastaro egingo ditu UEUk Baionan, uztailean

Joan den urteko «arrakasta errepikatzeko helburuarekin», aurten 8 ikastaro antolatu ditu Udako Euskal Unibertsitateak Baionan uztailaren 9a eta 11 bitartean.

Jokin Apalategi eta Irati Iciar. (UEU)
Jokin Apalategi eta Irati Iciar. (UEU)

«Jakintza eta pertsonak saretzeko gogoz» datoz antolatzaileak, azken urteotan baino egoera hobean direla nabarmenduz. UEUko Udako ikastaroetako arduraduna den Irati Iciarrek azaldu du Euskal Herri osoan 42 ikastaro antolatu dituztela, horietatik 8 Baionan, AEKren egoitzan.

«Azpimarratu nahiko nuke ez dela erraza izan 42 ikastaro horiek antolatzea, ia 100 ikastaro proposamen jaso ditugulako eta aukeraketa egitea ez delako batere samurra izan» gehitu du, Kazeta.info-k berri eman duenez. Iciarrek adierazi duen moduan, «sei jakintza arloetan banatuta egongo dira: artea eta musika, giza-zientziak, ingeniaritza eta teknologia, zientzia aplikatuak, zientziak eta gizarte zientziak eta azken hau izango da jakintzarik nagusiena».

Baionako ikastaroek honako gaiak jorratuko dituzte, besteak beste: dantza, itzulpengintza, komunikazioa, arkitektura...

Izena emateko epea jadanik irekita dago eta ikastaroa hasi baino astebete lehenago egin ahal izango da matrikula.

«Azken bi urteak gogorrak izan dira, baina zorionez gauzak pixka bat hobetu dira eta indartsu gatoz aurtengo eskaintza aurkeztera. Orain aipatutako zereginaz gain, ordea, UEUk betetzen duen funtzio garrantzitsuenetako bat azpimarratu nahiko nuke: unibertsitate- sistemaren barruan sare euskalduna biltzea. Hau da, jakintza eta aditu euskaldunen topagune eta akuilu izatea. Udako Ikastaroak horren adibide argiak dira, eta sare hori osatzera gonbidatzen zaituztet datozen uztailean. Udakoez gain, gure asmoa Ipar Euskal Herriko bazkide eta eragileekin biltzea da bertako egitasmoari bultzada emateko asmoz», azaldu du Jokin Apalategi UEUk argitaratzen duen Uztaro aldizkariaren zuzendariak.

Udako ikastaroetako arduradunak adierazi duen gisara, aurten hiru formatu desberdineko ikastaroak izango dira. Alde batetik, ikastaro espezializatuak izango dira eta hauek egiteko aurretik jakintza maila bat beharrezkoa izanen da.

Bestetik, interes orokorreko dibulgazioko ikastaroak burutuko dira, jakintza maila zehatzik eskatzen ez dutenak.

Azkenik, garapen pertsonaleko ikastaroek pertsona moduan garatzeko balio dute; galerak modu baikorrean bizitzen ikasteko, adibidez.

UEU eta Udako Ikastaroen zabalkundea egiteko, ekainean zehar Bilbo, Baiona eta Iruñean hitzaldi zikloa antolatu dute. Baionan ekainaren 19an arratsaldeko 19.00etan Euskal Museoan Ismael Manterola irakasle eta UEUkideak Lehenengo Mundu Gerran Londresen euskaraz argitaratutako paskinaren inguruko aurkikuntzaz mintzatuko da.