NAIZ
BILBO

Maiatzak baino 9.152 langabe gutxiago utzi ditu ekainak Hego Euskal Herrian

Ekainaren bukaeran 214.871 lagun zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda, aurreko hilabetean baino 9.152 pertsona gutxiago, Enplegu Ministerio espainolak kaleratutako datuen arabera.

Emakume bat Lanbideren bulego batean sartzen, Donostian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Emakume bat Lanbideren bulego batean sartzen, Donostian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Herrialdeka, Gipuzkoan jaitsi da gehien ekaina bukaeran enplegu bulegoetan izena emanda daudenen kopurua, hau da, -%4,41 –2.126 langabe gutxiago– aurreko hilabeteko datuekin alderatuta.

Atzetik kokatzen dira Bizkaia eta Nafarroa, biak ere %4,17ko jaitsiera izan dutela. Bizkaiko enplegu bulegoetan 4.111 lagun gutxiago daude izena emanda, eta 2.049 gutxiago Nafarroan.

Arabaren kasuan, 866 pertsona gutxiago zeuden ekaina bukaeran lan bila (-%3,08).

Lau herrialdeotan 214.871 pertsona zeuden izena emanda enplegu bulegoetan: 94.504 Bizkaian, 46.044 Gipuzkoan, 47.107 Nafarroan eta 27.126 Araban.

Urte arteko datuei dagokionez ere, lurralde guztietan jaitsi da tasa, eta iazko ekainean baino 10.563 langabe gutxiago daude Hego Euskal Herrian. Araban jazo da jaitsiera nabarmena (212 pertsona).

Estatuko espainolaren kasuan, 122.684 langabe gutxiago utzi zituen ekainak. Hala ere, 4.449.701 pertsona daude oraindik enplegu bulegoetan izena emanda.