NAIZ
GASTEIZ

22 urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diote Amagoia Elezkanoren bikotekideari

Arabako Lurralde Entzutegiak 22 urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio Amagoia Elezkano labankadaz hil zuen Francisco Javier M.N bere bikotekideari.

Francisco Javier M.N., bizkarrez, epaiketan. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Francisco Javier M.N., bizkarrez, epaiketan. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Arabako Entzutegiko bigarren sekzioak 22 urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio Francisco Javier M.N. Amagoia Elezkanoren bikotekideari, 2013ko maiatzaren 23an laudioar emakumea labankadaz hiltzeagatik. Berriki egin den epaiketan gizonak onartu egin zuen Elezkano labankadaz hil zuela.

Auzitegiak ebatzi duenez, Francisco Javier M.N.-k aurrez pentsatuta eta azpikeriaz hil zuen bere bikotekidea Orozkon zuten etxean. Larrigarritzat hartu du Elezkano eta gizona izatezko bikote zirela, eta aringarri gisa hilketa aitortu izana.

Epaimahaiak bikotearen haurraren guraso-agintea kendu dio eta semeari 300.000 euroko kalte-ordaina ordaintzera zigortu du, nahiz eta onartzen duen kantitate horrek ez duela «inoiz ordezkatuko amarengandik bere bizitzan jaso zezakeen maitasuna».

Amagoia Elezkanoen gurasoei 100.000 euroko kalte-ordaina emango die, eta ezingo du ez haiekin ezta emakumearen anai-arrebekin harremanik izan 32 urte eta erdiz. Orozkora ere ezin izango du joan urte kopuru horietan.

Defentsak iragarri du epaiaren aurkako helegitea jarriko duela.

Herri epaimahaiak errudun jo zuen gizona joan zen irailaren 23an.