NAIZ

Lurralde guztien arteko lankidetza bultzatu nahi du Udalbiltzak

Euskal Herri osoko hainbat alkate eta zinegotzi elkartu dira Uztaritzen Udalbiltzaren batzar orokorrean. Erakundea berrantolatu zenetik iragan den urte eta erdi honetako lanaren balantzea egin dute hautetsiek, eta ikasturte honetarako lan-ildoaz mintzatu dira.

Udalbiltzak batzar orokorra egin du Uztaritzen.
Udalbiltzak batzar orokorra egin du Uztaritzen.

Gizarte eta lurralde kohesio handiagoa bilatzea izango da ikasturte berriko ardatza Udalbiltzarentzat. Nazio erakundeak batzar orokorra egin du Uztaritzen eta Ipar Euskal Herriko udal hautetsi berriak Udalbiltzako kide bihurtzeko ekitaldi ofiziala egin da.

108 hautetsi berrik egin dute bat erakundearekin -19 alkate eta 89 zinegotzi-: Lapurdiko 68, Zuberoako 22 eta Nafarroa Behereko 18. Nolanahi ere, atxikitzeko prozesua ez da amaitu, eta hurrengo asteetan litekeena da Udalbiltzak aurreko legegintzaldian izan zuen kide kopurua (61) bikoiztea hiru lurralde horietan.

Nikolas Blainek –Makeako zinegotzia eta Nazio Gobernuko kidea– esan du «gaur egun Udalbiltza nazionalagoa dela, eta Iparraldea lortzen ari dela nazio eraikuntzaren zereginean dagokion tokia».

Gaur egun, erakundean guztira Euskal Herriko 1.471 hautetsi daude, haietako 183 alkateak dira, eta, Donostiako batzarrean, berriz, 1.257 hautetsi izan ziren, haietako 154 alkateak.

Euskararen ofizialtasuna

Mertxe Aizpurua lehendakariak ongietorria egin die erakunde honetako 108 kide berriei eta ikasturte honetako lan-ildoen ardatz nagusia gizarte eta lurralde kohesioa izango dela azpimarratu du. «Udalak eta eskualdeak elkarrengana hurbildu nahi ditugu, hobeki ezagutzeko elkar, gure herriaren egoera bere osotasunean ulertzeko eta aztertzeko».

Adierazi duenez, eginkizun horietako bat Euskal Herri guztian euskararen ofizialtasuna lortzea da. «Ez da bidezkoa gaur egun Uztaritzen, Tafallan, Trebiñun, eta euskararen lurraldeko udalen erdietan euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatuak ez izatea, frantsesez edo gaztelaniaz egiten dutenen eskubideak ez bezala», esan du. Ildo horretan, Udalbiltzaren sostengua adierazi dio Uztaritzeko Udalari eta Ziburuko ikastolari.

Euskararen afera honi eta beste kontu estrategiko batzuei eraginkortasunez heltzeko, Udalbiltzak Euskal Herriko gainerako hautetsiengana hurbildu eta akordioak lortu nahi ditu.

Aizpuruak gaineratu duenez, kontsentsuak eta baterako lana beharrezkoak ere izango dira erabakitzeko eskubidea bermatzeko, «zeren, Eskozian, Katalunian, Euskal Herrian, Europako estaturik gabeko nazio guztietan, baliatu behar ditugun ate eta leihoak irekitzen ari baitira».

Udal hautesien biltzarrak lanean jarraituko duela gaineratu du «Euskal Herriak ere tren hori har dezan».