NAIZ
BILBO

Lau salaketa aurkeztu dituzte sexu-abusuengatik espetxeratu duten irakaslearen aurka

Bilboko ikastetxe batean adin txikikoei sexu-abusuak egiteagatik espetxeratu zuten irakaslearen aurkako salaketak jarri dituzte lau familiak, Lakuako Segurtasun Sailak azaldu duenez.

Lau familak salaketa aurkeztu dute Ertzaintzaren aurrean Bilboko ikastetxe kontzertatu batean adin txikikoei sexu-abusuak egitea leporatuta larunbatean espetxeratu zuten irakaslearen aurka.

Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak azaldu duenez, lehenengo salaketa joan zen astean jarri zuten, Lehen Hezkuntzako 9 urteko neskato bati sexu-abusuak egiteagatik. Beste hiru salaketak aste honetan aurkeztu dira, adin txikikoei ukituak egiteagatik.

Irakaslea, 27 urteko gaztea, praktiketan zegoen ikastetxean eta gertatua jakin ondoren zuzendaritzak kontratua eten du. Hasiera batean Basaurik espetxeratu zuten eta ondoren Zaballara aldatu zuten.