Maider IANTZI

Bidaia bat, txikiak baina balio handikoak diren Jaizkibelgo perlak ezagutuz

Gipuzkoako gune populatuenetakoan kokatua dago Jaizkibel eta, aldi berean, inguru ia basatiak ditu ondoan. Itsasoraino iristen da, etxerik gabe, bisitariak harrituz. 1.600 hektareako mendian, habitat zabalek erakartzen dute arreta, baina txango honetan fokua hurbildu eta elementu txikiagoei eginen diegu so.

Jaizkibel mendia sekulako altxorra da, Europako Natura 2000 Sarearen barrenean dagoena, nahiz eta batzuetan ez zaion duen balioa ematen. Altxor kutxaren barrenean badaude bitxi handiak: basoak eta larreak. Hedadura zabalena duten habitatak dira eta egin beharreko ekimenen zati nagusia hartzen dute. Eta badaude, sarri ahanzten badira ere, hainbat perla. Hagitz txikiak dira, hagitz bitxiak, beren mailan bada ere, gure arreta merezi dutenak.

Horiek erakusteko asmoz, bisitaldi bat egin du GARAk Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Bertako kideek argitu dutenez, ez lukete nahi bat-batean Jaizkibelgo bitxikeria horiek denak jendaurrean azaltzea, maiz hobeki egoten baitira jendetzatik aparte. Landareak hagitz babestuak direnean adituei soilik ematen diete kokapen zehatzaren berri, bertzela bildumazaleek eramaten dituztelako. Baina bai nahiko lukete egiten duten maila edo intentsitate baxuko kudeaketaren, mikrokudeaketa horren adibide batzuk erakustea.

Hondarribiko hondartza ondoan jeepetan sartu, eta mendian goiti abiatu gara, landareekin espazioan eta denboran bidaiatuz. Jon Zulaika, biologoa eta babestutako landaretzaren teknikaria, Roke Akizu, mendietako eta habitat naturaletako zuzendaria, Iker Luariz Aierdi basozaina eta Aitor Lekuona ingurumen teknikaria ditugu bidaide.

Itsas txilardiak

Talaiako bidean sartu eta hemendik aitzinera koberturarik ez dagoela abisatu digu Zulaikak. «Zenbait garaitan abantaila bat da», dio. Zer erranik ez paisaietan galdu nahi izanez gero.

Biologoak erakutsi digun lehendabiziko perla itsas txilardia da. Barrurago ere badaude, baina hemen habitat berezia osatzen dute, itsas espraia behar dutelako. Bisutsak eta kresalak ematen die bizia. Hau da leku bakarra Gipuzkoan bakean utziz gero mantenduko litzatekeena. Inongo eraginik ez izatea ezinezkoa da, ordea, eta bi espezie erasotzailek mehatxatzen dituzte txilardiak, Baccharis halimifolia zuhaixka amerikarrak eta Helychrysum orbiculare izenekoak. Gipuzkoako Foru Aldundia horiek erauzteko lanean ari da, baita txilardiak indartzeko ere. Mila baino gehiago dituzte mintegian hazten eta heldu den urterako bikoiztu edo hirukoiztu egin nahi dute kopurua.

Pasaiako superportuaren eta Natura 2000 Sarearen talkarik handiena txilarra zela ohartarazi du teknikariak, bete-betean eragiten diolako. «Jendea harritu egiten da, baina hala da. Ez dute horregatik proiektua gelditu. Kaxoian gorde dute».

Itsasertzeko lehendabiziko zuhaitz ilaren artetik goaz. Haizearen eraginez forma bihurriak hartu dituzte. Bidean ametzak ikusi ditugu eta Zulaikak txantxa artean aipatu du benetan espezie autoktonoa dela, ez baita inondik ere ugaltzen. «Alferra da horretan! Horregatik, ezin dugu hazi nahikorik lortu». Jendeak zuhaitz kaskarrak direla pentsatzen du, orain ez delako amezti onik ikusten.

Aizporaundi ur putzuan zain dugu bigarren bitxi txikia. Gipuzkoako Cladium mariscus habitat zabalena da. Hesi bat egin zen, ura metatu zen eta hezegunean sortu da espeziea. Lehortzen doanez, maila hidrikoa erregulatuko duen sistema bat probatzen ari dira. Oreka bilatu behar dute, bertan dagoelako Thelypteris palustris iratzea ere eta ez dutelako bat hobetu eta bertzea kaltetu nahi.

Errekasto zulo batean topatu dugu Vandenboschia iratze paleotropikala, haitzari itsatsita. Toki epelak, hezeak eta itzaltsuak behar ditu (Ingalaterran ere badago eta ezuste handia hartu dute landareen argi beharren mugak jaitsi dituelako). Jaizkibelen, banbuek ematen diete iluntasuna. Exotikoak dira banbuak eta horiek kendu eta altzak landatu nahi dituzte, baina ezin dute bat-batean egin, bertzela «insolazio batez hilko liratekeelako iratzeak» eta mantso ari dira, banbu batzuk moztu eta altz batzuk landatzen.

Landare haragijaleak ikusi behar ditugula erran digute eta jakin-minez goaz. Txikiak direla abisatu digute eta zoomarekin handituko ditugula erantzun diegu. Baina halako kontuekin ari garela hara non topatu ditugun militarrak maniobrak egiten! Hurrengoan ikusi beharko ditugu landareak...