Arantxa MANTEROLA

Atherbea eta PACT elkarteak Harrerarekin batera bake prozesua babesteko saiakeran

Zailtasunetan dauden herritarrei etxebizitza duina aurkitu eta gizartean bere tokia berreskuratu dezaten lanean diharduten PACT-HD eta Atherbea Ipar Euskal Herriko elkarteek, bake prozesuari beren ekarpena egin nahi izan diote, Harrera elkartearekin hitzarmena sinatuz.

Euskal preso eta iheslari ohiei etxerako itzuleran laguntzen dien Harrerarekin elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten atzo, Baionan, PACT-HD Pays Basque eta Atherbea elkarteek. Erbestea eta espetxeak pertsonak «desegiteko eta desozializatzeko» tresnak direla ohartuta, eta Euskal Herriko bake prozesuaren barruan urrats bat delakoan, Harrerak duela hiru urte hartu zuen handik itzultzen diren euskal herritarrak laguntzeko erabakia, eta bide horretan jardun da geroztik. Hala adierazi zuten atzoko agerraldian Peio Bellan eta Gabi Mouesca bertako kideek. Ahalegin horretan bi elkarte horiekin aritzeak «garrantzi berezia» duela nabarmendu zuten biek ala biek.

Gainera, berrikitan alderdi desberdinetako hautetsi eta ordezkariek Baionan aurkeztutako agiriaren ildo beretik doazela uste dute. Izan ere, Euskal Herriko bake prozesuari «ekarpen baikorra» egiteko beharrezkotzat jo zuten «erakunde publikoek presoen gizarteratze plan bat» lantzea, lana, etxebizitza, erretiroak eta antzekoei konponbidea emateko. Zentzu horretan, hiru elkarteok beren eremuan egingo duten bidetik, Pariseko gobernuak ere, bere ardurak hartu eta esparru publikotik dagokiona egitea espero dutela esan zuten, «konponbide prozesu orotan ondorioen gaia presente izaten baita».

«Prestasun osoa»

Jean Gayas PACT-HDko presidenteak adierazi zuen beren eremutik «bakearen ahaleginari gure harria ekartzeko engaiamendu eta prestasun osoa» dutela. Elkartearen egitekoa zailtasunean dauden herritarrei lana, eta batez ere etxebizitza, aurkitzen laguntzea izaki, «denen sinergiak beharrezkoak» direla gaineratu zuen bere kide Benoit Caussade PACT-HD Pays Basque-ko zuzendariak. Elkarteak diru funts publikoei esker gauzatzen du bere jarduera soziala. Alta, Harreratik eratorritako pertsonentzat funts horiek erabiltzerik izango ez badu ere, beren zerbitzuak eta laguntza, besteei bezala, doan emango dizkiete preso edo iheslari ohiei.

Atherbea elkarteko Jean-Marie Etchart eta Jean-Daniel Elichiryk egiten duten lana eta dituzten egiturak (eguneko harrera, orientazio zentroak, hotel soziala, lan tailerrak...) azaldu zituzten. «Gure bitarteko guztiak Harreraren esku jartzen ditugu, bake prozesuaren zerbitzura», nabarmendu zuten, «preso eta erbesteratu ohiei beren egoerari egokitutako» laguntza emateko prestasuna berretsiz jarraian.