Jon ORMAZABAL
Entrevue
Aimar OLAIZOLA
Asegarceko aurrelaria

«Nik ez dut inongo momentutan oso gaizki nagoenik esan»

Lau eta Erdiko zortzigarren finalerako egin duen ibilbidea ez da beste batzuetakoa bezain ikusgarria izan. Zailtasunak handiak izan dira, baina Goizuetakoa beste behin ere gogokoen duen distantziako finalean izango da. «Txispa» falta omen du, ez du tantoa amaitzeko erraztasunik, baina oso argi dauka berea ematen badu, Martinez de Irujori lan handiak emango dizkiola igande honetako partidan.

Bizkaia pilotalekuan hartu gaitu Goizuetakoak. Bere burua ondo ezagutzen du eta badaki ez dagoela bere sasoirik onenean, baina ez du itxaropenik galdu.

Saralegiren aurkako finalerdia jokatu eta gero, finalean egoteak harritu egin zintuela adierazi zenuen. Zergatik?

Gehienbat neure burua oso ondo ezagutzen dudalako eta ikusi dudalako ez naizela ondo aritu txapelketan zehar. Partida gehienetan nahikoa lan egin behar izan dut, hasi eta bukatu ez dut partida oso bat egin, eta iruditzen zait garrantzitsua dela lehen tantotik hogeita bigarrenera maila on bat ematea. Hori ez dut lortu, azken partidan izan ezik. Ekaitz Saralegiren aurka agian hobetoxeago ibili nintzen, baina kontuan izan behar da bera nola zegoen, eta horregatik esan nuen esan nuena.

Eta zer da zehazki sumatzen duzuna?

Gehienbat kantxan nahikoa deseroso egoten naizela. Baina hortik aparte, nik ez dut inongo momentuan oso gaizki nagoenik esan, hori jendeak edo prentsak erabili duen zerbait da. Nik uste dut oso gaizki egonda ez dagoela finalean egoterik. Gauza da, aurreko urteekin konparatuta pixka bat deserosoago sentitzen naizela, jokorik gabe bezala.

Agian, tantoa amaitzeko inoiz baino arazo gehiagorekin?

Bai, tantoa bukatzeko garaian beste batzuetako ideia horiek falta izan ditut. Gero, txispa ere bai, eta txisparik ez badaukazu, zailagoa da beti tantoa egin ahal izatea.

Egin dituzun hiru urteak kontuan hartuta, normala ere izan daiteke txakalaldiren bat izatea...

Dudarik gabe, eta ni alde horretatik oso lasai nago. Hemen normala ez dena da hiru urte eta pikoan ibili naizen bezala ibiltzea, gorabeherarik gabe, urte osoan maila berbera emanaz... nik uste dut hori dela arraroa. Normalena da denek izan dituzten bezala, urtean momentu bajuxeagoak izatea.

Atsedenik apenas izan duzu...

Horrexegatik, gainontzeko kirol guztietan sei edo zazpi hilabetetan egon behar duzu topera eta gero jende guztiak oporrak, edo gutxienez lasaitzeko aukera, izaten du. Gure kasuan, hasi urtarriletik eta berriz ere hurrengo urtarrilera arte, dena segidan dator; txapelketak, torneoak... eta horrela zaila da maila bera mantentzea.

Saturazio puntu bat ere bai?

Bai, dudarik gabe. Urte asko daramatzagu honetan eta ohituta gaude, baina ziur guretzat pixka bat deskonektatzea ona izango litzatekeela.

Egon da belaunaldi aldaketa batez hitz egin duenik ere...

Nik uste dut horretaz buruz burukoan hitz egin zela gehiago, baina hortik aurrera, hori hala izateko, lehendabizi pilotari gazteek iritsi beharko dute finaletara eta txapelak irabaztera. Hemendik aurrera, agian, hasiko dira, baina oraingoz behintzat azken urteetan Irujo eta biok ari gara final gehienetara iristen eta espero dut, gu edo ni behintzat, beste urte batzuetan ere iristea, nahiz eta gazteekin konparatuta, badakidan niretzat gero eta zailagoa izango dela.

Urte asko daramatzazu lehiaketan; nabaritzen da adinak aurrera egin ahala zailagoa egiten dela egunero entrenatu behar hori?

Ez, ni, momentuz behintzat, ondo aurkitzen naiz. Orain arte hiru urte eta piko oso onak izan ditut eta orain ere finalean nago. Azken urte hauek izan ditudan onenetakoak izan dira, ia final guztiak jokatuz eta, nire ustez behintzat, hori garrantzitsua da. Hemendik aurrera, urte eta piko finalik jokatu gabe egoten banaiz, agian nabarituko nuke zerbait, baina momentuz behintzat ezin dut halakorik esan.

Txapelik gabeko urte bat oso gogorra izango litzateke? Edo beste gauza batzuk ere baloratzen dituzu?

Inolako arazorik gabe eramango nuke. Lehen ere egonda nago urtebete txapelik gabe. Azken urte honekin oso gustura nago; binaka finalean sartu nintzen, orain lau eta erdian ere bai eta, alde horretatik, oso gustura. Hemen garbi izan behar da pilotari asko daudela, sekulako maila dagoela eta gauza askok dutela zerikusia finaletan egoteko.

Azken entrenamenduan esan zenuen, orain arte bezala jokatuta, Irujorekin finalean ez daukazula zereginik, baina beti lortzen duzu partida horretara punturik onean heltzea; hori zure dohainetako bat da. Zer egiten duzu?

Ezer berezirik ez. Partida bereziak dira, zentratuta egon. Lehen ere gertatu izan zait txapelketa batzuetan finaleko egunean nire mailarik onena ematea. Gauza bakarra da aurtengo kasuan neure burua ez dudala eroso sentitzen, eta nire helburua hori da, ea sentsazio horiek ahazten ditudan eta finalaren egunean beste itxura bat ematen dudan.

Sarri nabarmendu duzu finalaren egunean, igande horretan, ondo egotea dela garrantzitsuena...

Dudarik gabe, aurretik egindako lanak finalean egoteko balio du, baina egun horretan ez du ezertarako balio. Nahiz eta txapelketa osoan oso ondo ibili, gero finalean ez baduzu zurea ematen edo galtzen baduzu, ez du ezertarako balio. Hemen balio duena da finalaren egunean zurea ematea eta 22ra iristea.

Eta hori nola egiten da, bada sekreturik?

Ez, hori norberaren izaeraren araberakoa da. Nik normalean klase honetako partidak ondo jokatu izan ditut; asko galdu ditut, batzuk irabazi ere bai eta espero dut gutxienez nik nire maila ematea. Nirea ematen badut, badakit lanak emango dizkiodala.

Irujo / Aimar finalak bereziak dira zuentzat?

Ez, garbi dagoena da azken urteetan elkarren aurka askotan jokatu dugula. Nire aldetik behintzat ez dago ezer berezirik, baina jendearen artean nabaritzen da zerbait berezia. Orain ere ikusi da sarrerak segituan saldu direla eta nik uste dut hori jendearen gauzak direla.

Batak bestea onena ateratzera behartzen duzue. Halako aurkari bat izateak zure jokatzeko modua garatu duela esango zenuke? Pilotari hobea egin zaitu?

Agian, jokatzeko era bere kontra inoiz aldatu dut, baietz eta ezetz erantzungo nizuke. Debutatu nuenetik nire jokatzeko era aldatu dudala argi dago, baina era berri honekin min gehiago egiten dudala konturatu naizelako, ez Irujoren aurka jokatzen dudalako. Bere aurretik ere bazetorren aldaketa; Titin eta horiek ere halaxe jokatzen zuten. Hori norberaren aldaketa da, baina argi dago aurkari onak izateak gehiago behartzen zaituela.