NAIZ
IRUÑEA

Volkswageneko BEZaren inguruko akordioaren «letra txikiaz» ohartarazi du EH Bilduk

Yolanda Barcinak eta Cristobal Montorok Volkswageneko BEZaren gatazka konpontzeko egin duten akordioa «nafar jendartearentzako iruzurra izango den» kezka agertu du EH Bilduk eta «beste behin», Nafarroaren etorkizuna «Madrilgo bulego ilun eta itxietan» adostu dela salatu. Geroa Baik «zuhurtziaz» hartu du albistea.

EH Bilduk ohar batean gogoratu duenez, Volkswageneko BEZaren auzia PP, PSOE eta UPNk «sortu zuten arazoa» izan da, orain «konpondu duten itxura emateko. Koalizioaren iritziz, hitzarmena «negoziatzen ari diren itxurarekin, Estatu espainolak egindako eraso zentralisren aurrean men egin du» Barcinaren Gobernuak.

Nafarroak auzi horrengatik ez duela «euro bakar bat ere» ordaindu behar gogoratu du, «ez modu zuzenean ezta modu ezkutuan izan daitezkeen adekuazio edo eta akordioetan ere».

Ildo horretan, hitzartutakoaren «letra txikia» oraindik ez dela gogoratzen ohartarazi du eta aipatu eskakizuna «onartzen ez duen akordioa nafar gizarteari iruzur egitea» izango dela nabarmendu du.

Nafarroako zerga ahalmenetan «atzerapausu baten aurrean gaude» EH Bilduren aburuz, planteatutako zergen armonizazioari dagokionez. «Funtsean, Nafarroak Madrilek inposatzen dituen zergak kopiatu eta bere gain hartu beharko dituela suposatzen du», salatu du.

Indar abertzalearen arabera, «beste behin Nafarroaren etorkizuna Madrilgo bulego ilun eta itxietan» adostu da. «Nafar jendarteak erabaki behar du bere etorkizun ekonomiko, politiko eta kulturalaz», aldarrikatu du.

Geroa Bai: «Zuhurtzia»

Geroa Baiko diputatu Uxue Barkosek «zuhurtziaz» hartu du Yolanda Barcinak eta Cristobal Montorok itxi duten akordioa, «lehenago ere ikusi baitugu antzeko akordioak egun auzitegietan daudela». Hasieratik prozesu osoa «gardentasunik gabe» kudeatu dela gogora ekarri du eta bi administrazioen aldetik informazio «kontrajarriak» izan direla azken hilabeteotan.

Ildo horretan, Estatuak Auzitegi Gorenean jarri zuen helegitea berehala erretiratzeko eskatu du.