NAIZ
DONOSTIA

ELAk azaldu du 2014an sinatutako kontratuen %93,5a aldi baterakoak izan zirela

Azken urteetan eman den enplegu suntsiketak, batez ere, behin-behineko kontratua zuten pertsonei eragin diela salatu du ELAk, eta gaineratu du 2014an sinatutako kotratuen %93,5a aldi baterakoak izan zirela.

Iñaki Zabaleta, Adolfo ‘Txiki’ Muñoz eta Mikel Noval ELAko ordezkariak, prentsaurrean. (ARGAZKI PRESS)
Iñaki Zabaleta, Adolfo ‘Txiki’ Muñoz eta Mikel Noval ELAko ordezkariak, prentsaurrean. (ARGAZKI PRESS)

2014ko enpleguaren bilakaera jasotzen duen txostena aurkeztu du astelehen honetan ELA sindikatuak. Adolfo ‘Txiki’ Muñoz, idazkari nagusia, Mikel Noval arlo sozialeko arduraduna eta Iñaki Zabaleta ikerketa bulegoko kidea izan dira aipatu txostenaren berri ematen, eta 2014an sinatutako kontratuen %93,5a aldi baterakoak izan zirela azaldu dute.

ELAk emandako datuen arabera, enplegua duten pertsonen kopurua hazi egin da, baina hazkunde hau batez ere enplegu partzialak eta behin-behinekoak direlako eman da. Alta, Hego Euskal Herriko langabezia tasa %16,2koa dela gaineratu dute, Europa mailan laugarren altuena izan delarik.

Langabezia hori, gainera, «iraupen luzeko langabezia» dela ohartarazi dute, hau da, langabezian urte bat baino gehiago daramatzan jendearen artean ematen dela salatu dute.

ELAren iritziz, aurreko hazkunde ekonomiko fasean «desberdintasunaren hazkunde handia eman zen, horrela, hazkundearekin batera, prekarietatearen zabaltzea, enplegu bat izatea pobrezia egoeratik ateratzearen sinonimo ez izatea, gehien irabazten eta gutxien jasotzen zutenen arteko desberdintasuna areagotzea era zorpetzearen hazkunde handia ere eman zen».

Testuinguru honetan, ekintza sindikalaren ardatza eredu hau «errotik» zalantzan jartzean egon behar dela adierazi du ELAk.