NAIZ
GASTEIZ

Kontrolpean dute Gasteizko Aernnova Aerospace-ren pintura pabiloian pizturiko sutea

Kontrolpean dute Miñaoko teknologia parkean kokatuta dagoen Aernnova Aerospace enpresako pintura pabiloian piztu den sutea, eta sua ingeniaritza gunera hedatu ez dadin lanean dihardute suhiltzaileek, Lakuako larrialdi zerbitzuetako koordinatzaileak adierazi duenez. Ez da zauriturik izan.

Sutea piztu den enpresako irudia. (NAIZ)
Sutea piztu den enpresako irudia. (NAIZ)

Sutea goizeko 6.30ean piztu da, Gasteizko Aernnova Aerospace lantegian, Miñaoko teknologia parkean, kalte fisikorik sortu gabe. Inguruko bi enpresatako langileak kalera aterarazi dituzte, badaezpada.

Aernnova enpresaren beheko solairuan piztu da sutea, pintura lanak egiten diren pabiloian, eta ke-laino handiak eragin ditu. Horren ondorioz, Miñaoko teknologia parkerako sarrera itxi beharrean suertatu dira, nahiz eta 7.45etatik aurrera berrirekitzeko moduan izan diren.

Sutea piztu eta lau ordura kontrolpean zuten jada suhiltzaileek enpresaren pintura pabiloian piztu den sutea, baina erabat amatatu gabe, eta han geratu dira, garrak berpiztu ez daitezen.

«Hondatutzat» jotzen dute pintura pabiloia.

«Albiste txarra» Marotorentzat

Javier Maroto Gasteizko alkateak sutearen harira lehen adierazpenak egin ditu. Egoeraren aurrean bere kezka agertu du, eta adierazi du «albiste txarra» dela Gasteizentzat.

«Albiste txarra da hiriarentzat. Zentzu honetako beste hainbat gertakari izan ditugu eta hirian izan duten efektua negatiboa izan da», azaldu du. Horregatik, gauzak nola joaten diren jakiteko «adi» egongo dela adierazi du.

Krisi gabinetea eratu du Aernnova enpresak

Aernnova Aerospace enpresaren zuzendaritzak krisi gabinetea eratzeko erabakia hartu du enpresaren zati bat kiskali duen sutea dela-eta. Juan Ignacio Lopez Gandasegui lehendakariak azaldu duenez, kalteak handiak badira ere suntsitu den pabiloia ez da nagusia eta ez du eraginik izango enpresaren ekoizpenean eta jarduera aeronautikoan.

Zentzu horretan, bihar bertan ekingo diote ekoizpenari Aernnova-n, enpresaren %80a suteak kaltetu gabe geratu baita. Enpresak berak komunikatu batean azaldu duenez, suteak pabiloi bat eta ofizina batzuk soilik kiskali ditu, eta kalteak soilik materialak izan dira.

Hori horrela, lasaitasun mezu bat zabaldu du Aernnova-k, eta esker oneko hitzak izan ditu larrialdi zerbitzu, suhiltzaile, ertzain eta abarrentzako.