Arantxa MANTEROLA
Baiona

Jon Anzari buruzko ikerketan ez zela akats larririk izan ebatzi du Parisko Epaitegiak

Parisko Afera Zibileko Auzitegiak kalte-ordain eskaera errefusatu die Jon Anzaren senideei. Bere ustetan hutsune batzuk izan ziren arren, Poliziak eta Fiskaltzak ez zuten akats larririk egin.   

Anzaren senideek Parisen helegitea aurkeztu zuten egunean kontzentrazioa egin zuten Donostiako Bulebarrean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Anzaren senideek Parisen helegitea aurkeztu zuten egunean kontzentrazioa egin zuten Donostiako Bulebarrean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

«Harriduraz» hartu du Jon Anzaren familiaren abokatuak gaur arratsaldean Parisko Auzitegiak jakinarazi duen ebazpena. Izan ere, sententziaren arabera, ETAko militantea Okzitaniako Tolosara zihoala pentsaraziko zuen elementurik ez omen zegoen. Hiri hartako erietxeetan desagarpenaren berri eman eta donostiarraren ezaugarriak zituen inor ez ote zuten ingresatu idatziz ez galdetu izanak ere ez du garrantzirik epaileentzat, hala egin izan bazuten ere «identitatea ez baitzuten ezagutzen».

Bestalde, Tolosako Fiskaltzak hango Poliziari ikertzeko egindako eskaera ez betetzea eta denbora baten ondoren berriro ezer erreklamatu ez izana «hutsunetzat» jo dute epaileek, baina ez Estatuko zerbitzuei ardugabekeria leporatzeko adinako «akats larria».

Hortaz, Anzaren familiaren kalte-ordain eskaera ez du onartu. Familiak helegitea jartzeko aukera du orain.