NAIZ
DURANGO

50. urteurrenean, datozen 50 urteetako historia idatzi nahi du Durangoko Azokak

Durangoko azokak 50 urte beteko ditu aurten, abenduaren 4tik 8ra ospatuko den ekitaldian. Bertan, urte guzti hauetako ibilbideari egingo diote errepasoa, baita Jesus Maria Arruabarrenak eta Joseba Sarrionandiak idatzitako liburu batekin, baina etorkizunera begira ere jarriko dira, belaunaldi berrie azoka gerturatuz.

Landako gunean aurkeztu dute aurtengo Durangoko Azoka. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)
Landako gunean aurkeztu dute aurtengo Durangoko Azoka. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

Abenduaren 4tik 8ra Durangoko Azokaren 50. urteurrena ospatuko da. Gaur Landako gunean eskaini duten prentsaurrekoan azaldu dutenez, urte guzti hauetako ibilbideari errepasoa emateko baliatuko da data: «Kulturaren plazak 50 urte beteko ditu. 50 urte euskal kultura geroratzen, 50 urte idazten, kantatzen, gogoetatzen, gozatzen, eztabaidatzen, ospatzen», adierazi dute.

Eta datozen 50 urteei begira jarri dira ere, izango dituzten erronkei aurre egin asmoz. Hauen artean kokatu dituzte «euskal kulturaren ikusgarritasuna Euskal Herrian eta munduan, belaunaldi euskaldun berrien parte-hartzea sorkuntzan, zaletasunean eta kulturgintzan edo herri-ekimenak, erakundeek, industriak eta hedabideek estrategiak partekatzea». Honen bidez, gazteak erakarri nahi dituzte, azokaren gaur egungo eredua indartuz.

Aurtengo edizioko kartela iragartzeko, Durangoko Azokak Jose Luis Zumetaren lana aukeratu du. Bestetik, historiari errepasoa eginez, liburua kaleratuko du Azokako egunetan, Jesus Maria Arruabarrena eta Joseba Sarrionandiaren artean idatzia. Azaldu dutenez, 50 urteen bilduma osatu du lehenak, datu, gertaera eta testigantzekin. Bigarrenak, aldiz, azken 50 urteetako euskal kulturgintzaren garaian garaiko kontakizun pertsonala egin du «testuinguru lokala eta globala uztartuz».

Argizaiola Sariak ere 50 urteko ibilbide honi egingo dio omenaldia. Aurtengoa Gerediaga elkartearen eta, horrenbestez, Durangoko Azokaren sortzaileek jasoko dute eta abenduaren 5ean banatuko zaie San Agustin Kulturgunean.