Maider IANTZI

Sinboloa, maitasuna, oparia, lagunak... hori dena da azoka bisitarientzat

Larunbatak jendetza eta lehendabiziko ilara luzeak ekarri ditu. Eguzki berotan familia ugari etorri da haurrekin, kuadrilla aunitz ere bai, gaur eguna luzea baita. Beraientzat Durangoko Azoka zer den galdetu diegu bisitariei.

«Ohitura», erantzun digute aho batez Jon Iturralde eta Nerea Ortiz bilbotarrek Durangoko Azoka definitzeko eskatu diegunean, Landakoko kaleren batean, jende uholdeak harrapatuta. «Urterokoa, ekidin ezin den hitzordua, urtetik urtera hobetzen doana, aberasten, anitzago bilakatzen eskaintzaren aldetik. Musika, liburuak... eskaintza orokorrean», hasi zaizkigu azaltzen. Ahotsenean eta Irudienean egon direla kontatu digute, Nerea Kabi@n ere bai, aurten izenaren forma hartu duen txokoan. «Euskararen eta teknologiaren gaineko hitzaldi bat entzun dut. Txioak bidaltzeko gailu berri bat asmatu dute, # ekiditeko».

Normalean egun batean etortzen dira eta gehiagotan bisitatzeko gogoa piztu zaiela adierazi digute, aukera ere badelako Azoka, itzela gainera. «Hautatu egin behar da; hau ala bestea erosi, hitzaldi hau ala kontzertu hura entzun...», agertu du Jonek. «Oso interesgarria da –erantsi du lagunak–, edozein eusk(ahal)dunentzat –‘ahal’ horretan indarra egiten du– beharrezkoa».

«Euskaraz dakitenentzat eta sekula etorri ez direnentzat pizgarria da, euskal munduan murgiltzeko, gozatzeko, euskarazko produktuak kontsumitzeko... Izenez askok ezagutzen du, baina uste dugu jende gehiagok etorri beharko lukeela...», jarraitu du Jonek hitz jarioan. Bien artean kronika osoa idazteko moduan dira. Gaur Nerearen urtebetetzea da. Auto-oparia egiteko aprobetxatzen du beti Azoka. Iaz Berri Txarrak-en diskoa eraman zuen sinatuta; aurten Nabil taldearena hautatu du eta entzutea gomendatu digu.

Lehenbizikoz etorria

Pasilloan aitzinera egin dugu sigi-saga, alde banatan liburu, disko, editore eta bisitari ugari utzita. Arantxak erakarri du gure arreta. Sarreratik nahiko hurbil dago nafarra bi kiderekin solasean. Galdera egitean zer erran ez dakiela gelditu da, lehenbiziko aldia baitu bertan, oraintxe sartu da. «Begiak zabal-zabalik nago, ikusten. Bigarren bueltan gehiago esango nizuke».

Poltsa bana eskuetan dabiltza Ane, Amaia eta Igone gaztetxoak. Hauek bigarren aldia dute. Gasteiztik etorri dira. «Euskal kulturarekin kontaktua» da eurentzat hitzordu hau. Musika aditzeko aukera ere bai, musikariekin egotekoa eta sinadurak lortzekoa.

Jendea ez dago gurekin sobera hiztun. Urdulizko Gorka ere ez lehenengo momentuan, baina pixkanaka joan da askatzen eta kontuak kontatzen. «Euskal kulturaren eskaparatea eta topagunea ere bai. Beti topatzen duzu aspaldi ikusi gabeko lagunen bat», hasi zaigu azaltzen. Txakurrarekin dago gaztea, lagunez inguratuta. «Lehendabizikoz arrebak ekarri ninduen eta ez nekien zer zen ere. Arreta ematen zidan sortzen den giroak».

Ordutik urtero dator eta noizbait kale egiten badu beti izaten du buruan Durangoko plaza berezia. Azken urteetan Azoka aprobetxatuz parranda ere egiten du, hainbat eta hainbat euskaldunek bezala. «Askotan bi egunetan etortzen gara, batean ikusi eta bigarrenean erosi egiten dugu. Aurten egun bakarra, gero oporretara noa-eta».

Aipatu bezala, gaur familia pila bat dabiltza Landakoren bueltan, aunitz haur kotxeari bultzaka edo txikia gainean hartuta. Pedro aitona neskatxoa paseatzen dabil. Durangarra da, bertan jaio zen eta bertan bizi da, Azokatik hurbil. «Lehenik eta behin, zoragarria da niretzat hemen egitea. Herriarentzat sinboloa da. Denoi eragiten digun zerbait da, hemen kontzentratzen dena».

Euskal kulturaren bultzatzailea da. Azokaren lehenbiziko edizioan laguntzen ibili zen eta oroitzen da «jendearen atzetik» ibili behar izan zutela eta aunitz kostatu zela, adibidez, Nafarroatik argitalpenak ekartzea. Denborarekin garatzen eta ospea hartzen joan da, autore, editore eta bisitarien aldetik. «Denon arteko gauza izan da» erranez amaitu du elkarrizketa, atera joateko eskatuz deitu diotelako. Haurrak agur egiten digu kotxetik.

Agurrak, telefono deiak eta whatsappak, besarkada, musu eta «aspaldiko!»-ak zita honen ezaugarri dira. Hala ikusten da jendea. Taldetxotan bilduta berriketan ari dira, erosi berri dutena poltsatik atera eta lehendabizikoz ukitzen, usaintzen, laztantzen... eta lagunekin konpartitzen.

Hala harrapatu ditugu, irribarre zabalarekin, Mungiako bi ahizpa. Izena galdetzea ahantzi zaigu, baina bertze izen pila bat apuntatu ditugu, poltsetan dituzten disko eta liburu guztienak, eta eskuratu nahi dituztenenak ere bai. Hori oraindik ordu erdi soilik daramatela Landako barrenean.

«Maitasuna» hitzarekin lotu du Azoka batek, eta bertzeak buruarekin baietz egin du. «Lagun minak ikustea, elkartasuna, euskarari eta euskal kulturari bultzada ematea, musika...», elkarrekin osatzen doaz ezaugarrien zerrenda. Eskua sabelaldera eraman dute barreneko zerbait dela adierazteko.

«Hemen egon beharra dago urtero», aldarrikatu dute poltsak ireki aitzinetik. Olentzerotarako opari pila bat dituzte: alaba txikiarentzat izugarri gustatzen zaion artista baten, Fermin Muguruzaren, “Nola?”, sinadura eta guzti; alaba nagusiarentzat Ken Zazpiren disko berria... Erosi behar dituztenak ere azaldu dizkigute: Jasone Osororen “12etan bermuta”, Joseba Sarrionandiaren liburua... Denak opariak. «Eta zuentzat ezer ez?», jakin nahi izan dugu. Pentsatzen jarri dira. «Elkarren ‘Kontu Kantari’, Anjel Lertxundiren ‘Zu’...». «Eta listo, e!», diote irriz eta eskutik hartuz antz handia duten bi ahizpek..

Ohitura, aukera, pizgarria, oparia, begiak zabal-zabal jartzea, musika, erakusleihoa, topagunea, arreta ematen duen giro berezia, sinboloa, denoi eragiten digun zerbait Durangon kontzentratzen dena, maitasuna, lagun minak ikustea, elkartasuna, euskarari bultzada... barreneko zerbait. Hori dena da Durangoko Azoka bisitarientzat. Eta zuretzat?