@Maider Iantzi
DONOSTIA

Igartubeiti txiki bat eraikiko dute Donostian

Baserri-sagardotegi zahar bat berreraikiko dute Donostian, mende aunitzetan sagardoaren hiriburu izandakoan. Alde Zaharrean ehun sagardotegitik gora omen ziren garai batean. Ezkio-Itsasoko Igartubeiti ederraren erreplika xumea izanen da, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak hainbat bidelagunekin egina. Abenduaren 26tik 29ra bizia emanen diote Konstituzio Plazan kokatuko duten eraikinari, hainbat ekintzarekin.

Sagardogileak babesle nagusiekin: Lakuako Gobernua, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala [Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS]
Sagardogileak babesle nagusiekin: Lakuako Gobernua, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala [Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS]

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, eragile ugarirekin elkarlanean, bigarren Sagardo Apurua antolatu du Donostian. Duela bi urte egin zuten lehenbizikoz, eta oraingoan indar handiagoa eman diote. Goizean Foru Aldundiko aretoan prentsarreko mahaian jarritako jende pila da apustuaren isla.

Garai bateko sagardotegi bat berreraikiko dute, orduko Donostiako sagardotegi eta baserrien itxura eta giroa Konstituzio Plazara eramanda. Kupelak lehenbizikoz ireki eta dastatzeari deitzen zitzaion apurua, irekiera ofiziala baino lehen egiten zenari. Apuruak lehena eta oraina elkartu nahi ditu, edari honen kultura eta historia ezagutzera emanda, 2015eko uzta berria probatu eta erronka berriak azaltzearekin batera.

Konstituzio Plazan zabalduko duten baserri-sagardotegiak Olentzero eta haurrak hartuko ditu lehenbizi, eta gero, abenduaren 26tik 29ra Sagardo Apurua, honako ordutegiarekin: goizez, 11.00etatik 14.00etara eta arratsaldez, 17.00etatik 20.00etara. Uzta berria dastatzen ahalko da egunero, baita sagardoa eta deribatuak probatu eta erosi ere. Inguruko tabernetan pintxo eta koktel dastatzea izanen da, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak eta Gipuzkoako Barman Elkarteak antolatuta, hurrenez hurren.

Tradizioa eta modernitatea uztartuko dira baserri honetan. Adibidez, show cooking bidez egindako pintxoak dastatzen ahalko dira, merkatua izanen da, eta bertsolariak, trikitilariak eta erromeria. Eguneroko ekintza hauetaz gain, egun bakoitzak bereak izanen ditu. Hasteko, abenduaren 26an, larunbata, ‘Urumea, sagardoaren ibaia’ proiektua gauzatuko da (9.00etan Astigarragan, 11.30ean Donostian). Sagardo Berria alan jaitsiko da Astigarragatik Donostiara Urumean barna. Barriken deskarga eginen da Mundaiz eta Maria Cristina zubien artean. Petritegi eta Lizeaga sagardotegiek Albaolarekin eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearekin antolatu duten ekimena da.