Jon Ormazabal

Anaia zaharrenak eraman du Merinotarren arteko lehia (11-22)

Iker Irribarria eta profesionaletako bere 500. partida jokatu duen Miguel Merinok 11-22 irabazi diete Jokin Altuna eta David Merinori Logroñon Binakako txapelketako zazpigarren jardunaldiko azken partidan.

Garaipen honekin, Aramakoak eta Villar de Torrekoak euren bigarren puntua eskuratu dute eta galtzaileak sailkapenaren hondoan utzi dituzte.

Behar handiko partida zen Adarragakoa bi bikoteentzat eta urdinek askoz hobeto eraman dute ardura hori, batez ere faboritoak beste helburu batzuengatik borrokatzera deituak zirelako. Gainera, joko puntu askoz hobean daudela erakutsi dute Irribarria eta Miguel Merinok eta hasiera hasieratik eraman dute partidaren kontrola.

Aurrelariaren kolpe biziari eta atzelararen segurtasunari esker 3-8 aurreratu dira urdinak. Sake-errematean asmatuta, Altunak aldea tanto bakarrera murriztea lortu du, baina urdinak berehala joan dira berriro markagailuan. Gorriak presaka jokatu dute uneoro eta ezin izan diote euren bolada txarrari buelta eman.