@belastegi
DONOSTIA

Hamar merkataritza entitate handik euskara sustatzeko hitzarmena sinatu dute

Saltokietako seinaleak euskaraz eta gazteleraz eta bezeroari harremana ele bietan eskaintzeko konpromisoa hartu dute EAEn dauden enpresa handiek. Hitzarmena sinatu dute Carrefour, El Corte Ingles, Eroski, Fnac, Inditex, Media Markt, Mercadona, Simply eta Uvescok. Forum Sportek ere egitasmo honekin bat egiteko asmoa dauka.

Lakuako eta merkataritza saltokietako ordezkariak, hitzarmena sinatzen. (IREKIA)
Lakuako eta merkataritza saltokietako ordezkariak, hitzarmena sinatzen. (IREKIA)

Lakuako Gobernuak martxan jarritako Euskararen Txantxangorriaren kanpaina fruituak ematen hasi da. Gaur bertan EAEn saltokiak dituzten hainbat merkataritza entitate handik euskararen erabilpena sustatzeko hitzarmena sinatu dute. Patxi Baztarrika Hizkuntza Politika, Hezkuntza eta Kultura sailburuordeak azaldu duenez, helburua da euskal hiztunen hizkuntza eskubideak bermatzea.«Gure bizitzaren bihotzean dago merkataritza, kontsumitzaileak gara denok. Eta horren baitan hizkuntza dago», aipatu du.

«Bi hizkuntza ditugu ofizial Euskadin eta herritarren eskubidea da biak erabili ahal izatea«, azpimarratu du Baztarrikak. 2014an egindako ikerketa baten arabera, euskararen dekretua «saltokien %6,3k betetzen du beti». Horrek ez du esan nahi gainontzekoek ez dutenik batzuetan betetzen. Jakinik euskal gizartea gero eta euskaldunagoa dela, «merkatarien %67k uste du euskara baikorra dela jarduera komertzialetan». Izan ere, honela bezeroaekin harremanak estutzea errazagoa da. 

Donostian aurkeztu duten hitzarmenaren arabera, sinatzaileek idatzizko harremanak euskaraz eta gaztelaniaz gauzatzen saiatuko dira. Seinale guztiak ele bietan jarriko dituzte edota inprimaki eta katalogoak ere bi hizkuntzetan eskainiko dituzte. Era berean, kontsumitzaileak betetzeko diren inprimakiak, ahal den neurrian, ale desberdinetan eskainiko dituzte, alegia, batzuk euskara hutsean eta beste batzuk gaztelaniaz soilik. Fakturak eta ziurtagiriak aukeratutako hizkuntzan eskaintzen saiatuko dira, bestela elebitan.

Ahozko komunikazioari dagokionez, bezeroari arreta emateko zerbitzuetan, bi hizkuntzetan artatu ahal izateko bidean, pertsona berriak kontratatzen dituztenean euskara eta gaztelania menperatzea betebeharreko baldintza izango da. Telefonozko arretan ere euskararen erabilera bermatzeko ahalegina egingo da.

Gaurko bileran Forum Sport enpresa ere egotekoa bazen ere, ezin izan du agertu baina hitzarmenarekin bat egiteko nahia adierazi du. Horretaz aparte, konpromisoa hartu dute gurean oso ezagunak diren hainbat enpresa handik: Carrefour, El Corte Ingles, Eroski, Fnac, Inditex, Media Markt, Mercadona, Simply eta Uvesco.