Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Osakidetza eta sindikatuak, akordioa erdiesteko elkarrengandik urrun

Lehen Mahai Sektorialak negoziaketen bidea ireki du, martxoan beste bi egingo baitira. Bi aldeak urrun daude, ordea. Osakidetzak proposamen zabala eskaini zuela dio, baina sindikatuek murrizketak leporatu dizkiote EAJri: prekaritatea handitu eta enplegua suntsitzea.

Irakurketa positiborik ez zuten egin sindikatuek atzo Osakidetzarekin izandako Mahai Sektorialari buruz. Txanponaren beste aurpegia, Lakuako Osasun Sailarena, mahai gainean akordioak lortzeko «negoziazio-proposamen zabala» aurkeztu zuela argudiatu baitzuen. Atzoko bilera, edozein kasutan, elkarrizketen lehen urratsa baino ez zen izan, datorren martxoaren 2an bigarren Mahai Sektoriala izango baitute, Donostian, eta martxoa amaitu aurretik, hirugarrena ere izango dute, GARAri atzo baieztatu ziotenez.

Iragan asteartean Lakuako Gobernuak Administrazio Publikoan 35 orduko lan-astea berrezartzeko dekretua onartu ondoren egin zen atzoko bilera, Gasteizen. Erabaki hori dela medio, Osakidetzan ere 1.592 orduko lanaldia ezarriko dela iragarri zuen atzo Osasun Sailak. Halaber, norbere kontuetarako sei baimen-egunak eta antzinatasunagatiko egun libreak berreskuratzeko aukera ere izango da, ohar bidez azaldu zuenez.

Osakidetzak atzoko bileran 14 puntu aurkeztu zituen, besteak beste, lizentzia eta baimenak, mugikortasuna, euskalduntzea, bete gabeko postuak aldi baterako betetzea… Hala ere, «funtsezko hiru alderdi» azpimarratu zituen Lakuak sindikatuekin «elkarren arteko ulermena lortzeko»: aldi baterako kontratazioaren, langileak gehitzeko espedienteen eta 2016ko lan-eskaintza publikoaren gainean negoziatzeko aukera.

Sindikatuen eskaera zehatzak

Hauteskundeei begira egindako propaganda iruditu zitzaizkion proposamenak LAB sindikatuari. Bertatik bi puntu aipatu zituen, ezinbestean zuzendu beharrekoak: azken urteetan suntsitu den enplegua berreskuratzea eta prekaritatea desagerraraztea. Langileek jasaten duten lan zama kasu askotan «jasanezina» dela ere erantsi zuen, «EAJk PSEk hasitako murrizketei jarraipena eman baitio azken lau urteotan», adierazi zuen bileran LAB ordezkatu zuen Edurne Agirrek. Hala, ausardia eskatu zion Osakidetzari.

ELAk ere aurrerapauso falta salatu zuen, eta zehaztu zuenez, 3.000 lanpostu suntsitu dira azken urteotan.

UGT, CCOO eta Satse-k ere Mahai Sektorialean parte hartu zuten. Erizainen interesak defendatzen dituen azken sindikatu honek bi eskaera egin zituen, bereziki: erizainen kontratazioa handitzea eta denbora batez kontratatzeko politiketan gardentasuna. Bilerara proposamenak ez, «aldez aurretik hartutako erabakiak» eraman izana leporatu zion Osakidetzari.