NAIZ
IRUÑEA

Elurretan ez atzera ez aurrera geratu zen autobus bateko 50 haur ebakuatu dituzte Izaban

Izabatik Zurizarako errepidean elurretan ez atzera ez aurrera geratu zen autobus batean zihoazen 50 haur eta bost begirale erreskatatu behar izan dituzte bart. Denak onik daude.

Elurra Ezkurrako gainean, Leitzan. Gaur arratsaldean 300 metrora jaistea espero da. (Joseba SALBADOR)
Elurra Ezkurrako gainean, Leitzan. Gaur arratsaldean 300 metrora jaistea espero da. (Joseba SALBADOR)

Tuterako ikastetxe bateko 50 haur eta bost begirale zeramatzan autobus bat elurretan ez atzera ez aurrera geratu da bart Izabatik Zurizarako errepidean, 5. kilometroan.

Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, 20.05 aldera jaso zuten deia 112 larrialdietarako zerbitzuan eta elurra kentzeko makina bat bidali zuten, baina ez zen autobusa zegoen tokira iritsi.

Izabako eta Nabaskozeko suhiltzaileak ere bidali zituzten, eta haien ibilgailuetan eta Izabako hainbat bizilagunen autoetan haurrak autobusetik atera eta hartua zuten ostatura eraman zituzten. Eskola eski kanpainan parte hartzera zihoan taldea.

Elurrak behera

Izabatik Zurizarako errepidean kateak behar dira oraindik, eta Belagoako mendatea itxita dago, azken orduotako prezipitazioen ondorioz. Baraibartik Aralarko San Migelera igotzeko ere kateak behar dira.

Gaur arratsalderako elur mailak behera egingo duela diote iragarpenek eta elur kota 300 metro ingurura jaitsi daiteke.

Eguraldiari buruzko informazio guztia, NAIZen webgune berezian.