@gara_miantzi
Irun

Terraza ere ireki du igandera arte gozagai izanen den Bioterrak

Bioterra produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azoka da, igandera arte Irungo Ficoban zabalik dagoena. Haziz doan feria da, bereziki bioeraikuntza eta energia berriztagarrien arloan. 190 stand daude (iaz 167 izan ziren), hiru pabilioietan banatuta. Horietan, postuez gain, hitzaldi, aurkezpen, tailer eta erakustaldiak ere badira aukeran. Kanpoan, berriz, eguraldi ona lagun, Bioterraza ireki da, sukaldaritza ekologiko eskaintza zabala dastatzeko gune atsegin bat.

Bioterran nekazaritza ekologikoko produktuak aurki daitezke. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Bioterran nekazaritza ekologikoko produktuak aurki daitezke. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Gaur goizean ireki ditu ateak Bioterrak, eta segituan hasi dira lehenbiziko bisitariak standez stand kuxkuxeatzen. Batean Bidasoa lanbide prestakuntzako institutuko dronak eta moda-modan dauden 3D inpresorak, baita zuhaitz baten gainean eraikitako egurrezko etxetxoa ere. Bertzean, Aerobin etxearen konposta egiteko aparailua, aireztatze sistema bat duena (horregatik, ez da beharrezkoa nahastea) eta ongarri likidoa aprobetxatzen duena.

Horiek gehien hazi den gunean, Geobat izenekoan, baina Bioterra eta Naturall guneak ere hor daude gozagai. Lehenbizikoan, nekazaritza ekologikoko produktuak dasta daitezke, baita ehungintzako eta kosmetikako eskaintzak ezagutu ere. Bigarrenean, kosmetika, higiene naturala eta sendagai naturalak, habitat osasungarria... topatuko ditugu.

Eta, azkenik, kanpoan, Bioterraza, aurtengo nobedadeetako bat. Sukaldaritza ekologikoaren eskaintza zabala dasta daiteke bertan, janari beganotik hasi eta talo tradizionaletaraino.

«Gutik zura»

Aurkezpenen artean, lehenengoetarikoa ‘Gutik zura’ dokumentalarena izan da. Proiektuaren zuzendaria Mari Jose Barriola da. Nekazal ingeniaria da, LHko irakaslea eta Tknikako egur arloko arduraduna. Imanol Lopez Perotxena komunikazio arduradunarekin batera erakutsi du filmaren trailerra, eta egitasmoaren nondik norakoak azaldu ditu.

Jon Maia bertsolariaren gidoia duen pelikula honen helburu nagusia basoaren, zuraren eta euskal jendartearen arteko harremanak izan duen, gaur egun duen eta izanen duen balioa agertzea da. Antzinatik etorkizunerako bidaia eginen du ikusleak, hainbat pertsonaiaren bizi-esperientzia eta mundu mailako adituen begirada lagun. «Ez dugu dokumental komertzialik egin nahi; bihotzera iritsi nahi dugu, kontakizuna sentiberatasunez eta arte pixka batekin eginez», adierazi du Barriolak. Azken grabaketetan dabiltza eta irailean, Donostiako Zinemaldian, estreinatuko dute lana.

Halako ekitaldi gehiagorekin, Bioterra azoka zabalik egonen da gaur eta bihar, 10.00etatik 20.00etara, eta larunbatean, 21.00 arte. Sarrerak 3 euro balio ditu (12 urtetik beherako haurrek, doan). Informazio gehiago: Bioterra.ficoba.org.