Maitane ALDANONDO

BEHARRAK SENTITU, IDEIAK PENTSATU ETA PROTOTIPOAK EGITEKO I+D LABORATEGIA

Ideietatik ereduetara bidea egiteko tresnak, materialak eta gunea eskaintzen dituen proiektua da The Makery. Bere metodologiaren bidez, proiektuak landu daitezke eta ekoizkin egokietara azkarrago eta merkeago iritsi, epeak laburtuz eta dirua aurreztuz.

The Makery prototipatze laborategi kooperatiboak iazko maiatzean ateak zabaldu zituen Bilbao Berrikuntza Faktorian. Bertan, fidelitate baxuko ereduak sor daitezke, beharrezko prozesu guztiak landuz eta teknika nahiz material berriak erabiliz. TZBZ kooperatibaren ekimen honen filosofia sentitu, pentsatu eta egin aditz segidak laburbiltzen du. «Beharrak eta ingurua sentitu, nola gauzatu pentsatu eta egin», zehaztu du Joanes Roso arduradunak. Enpresa Lidergoa eta Ekintzailetza Berritzailea gradua egindako zazpi lagunek osatu zuten 2013an eta egun hamabost kide dira. Zerbitzuen alorrean dihardute eta gauza ukigarriak ere egiteko beharra identifikatu zuten 2014an. «Produktu bat erosi eta saldu baino, ikusi genuen ideia eta produktu berriak zertu eta ekoitzi behar genituela». Horiek prototipatzeko tokia behar zuten eta hilabete gutxitan martxan jarri zuten.

Sarrera edo kuota bat ordainduta, «edonoren eskura dagoen I+D laborategi bat da» The Makery. Gela handi bat da, diseinua, manufaktura nahiz postprodukzioa egiteko beharrezkoak diren baliabideekin hornitua. Ideia ikertzetik eredura egin arteko prozesu guztia aurrera eraman daiteke bertan. Izan ere, ohiko tresneriarekin batera, beste diziplina batzuetakoak ere badaude, esaterako, elektronika edo robotika. Adibidez, 3D inprimagailuak, arduino plakak nahiz hainbat filamentu. Zuzendariak aitortu duenez, espazioa ez da buruan zuten ideala, «nahi dugunaren %60ra egongo da», baina kontzeptua ulertarazteko eta bezeroei eskaintzeko baliagarri zaie. Nahi baino motelago, baina gustatuko litzaiekeen horretara iristeko aldaketak egiten ari dira etengabe.

Guneaz gain, horri lotutako hiru negozio ildo dituzte. Hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte, prototipatua, aholkularitza edo erreprografia, kasu. Halaber, 3D inprimagailuak nahiz moldagarria den plastiko polimorfikoa saltzen dituzte eta produktu eskaintza zabaltzen joango dira. Horiez gain, formakuntza ere ematen dute. Hala, ideia bat gauzatzeko ezagutza teknikoak falta zaizkienei lagundu eta irakasten diete, esaterako, gradu amaierako proiektua egin behar duten ikasleei. «Ideia eta pertsonaren konpromisoa ikusita, gure errealitatetik nola posible egin ikusten dugu», zehaztu du Rosok. Gainera, gazteentzako akademia dute eta lantegi nahiz hitzaldiak ere egiten dituzte.

Halere, herritarrekin baino, nagusiki, eskolekin eta enpresekin jarduten dira. Arduradunaren ustez, «halako espazio batek proiektuetan lan egiteko aukera ematen die eskolei eta produktuen diseinu prozesuetan enpresei». Hain zuzen, gunearen kontzeptua eta metodologia produktua enpresei gerturatzea da. Ekoizkin egoki batera azkarrago eta merkeago iristea ahalbidetzen du, epeak laburtu eta material zein prozesuetan dirua aurreztuz. Izan ere, plastiko moldagarriak, esaterako, produktu erabilgarriak oso azkar egiteko aukera ematen du eta egokia ez bada, berriro berotu eta alda daiteke.

Orain arteko ibilbidearen emaitza soziala positibotzat jo du Rosok. «Beste The Makery bat dugu eskola batean, espazio bat enpresa batean, ikasle mordoa pasatu da hemendik, inprimagailuak saldu ditugu, Elhuyarrekin eta Innobasquerekin kolaboratu dugu… Gauza mordoa gertatu da urtebetean, baina ez da nahikoa. Gehiago egin behar dugu». Ikuspegi ekonomikoari dagokionez, berriz, balantzea epelagoa da. Sortzeko egindako 50.000 euroko inbertsioa amortizatu dute eta kalkulatua dute hiru urtetan dirua irabazten hasiko direla. Iazkoarekin alderatuta, egoerak hobera egin du, baina arduradunak onartu duenez, «zaila da, asko sufritu dugu 7 urteotan».

 

«Open Ispilu» proiektua BBF-ko elkarkidetza ereduaren adibide

Bilbao Berrikuntza Faktoriaren antolaketa TZBZ kooperatibako kide baten gradu amaiera proiektua izan zen. Buruan izan zuen helburuetako bat hiru solairuetan dauden enpresen artean eta LEINN ikasleekin elkarlana sustatzea izan zen. Lankidetza horren eredu argi bat 2015eko Open Data saria jaso zuen Open Ispilu proiektua da. Gobernuko datu irekiak islatzen dituen ispilua Irontec-ek eta The Makeryk sortu zuten, lehenak softwarea eta bigarrenak hardwarea eginda. «Ispilua hor dugu. Ikusi beharko dugu nola industrializatu, baina prozesu hori gertatu da, eraikin hau existitzen delako eta hemen gaudelako», nabarmendu du TZBZko Joanes Rosok.