NAIZ
BAIONA

Emakume britainiar bat atxilotu dute Senperen, bost hilabeteko semea hiltzea egotzita

Senarra eta bi haurrekin Senperen ostatu hartzen ari zen emakume britainiar bat atxilotu dute, seme gazteena, bost hilabetekoa, itota hiltzea leporatuta.

‘Sudouest’ egunkariak berri eman duenez, goizeko 9.25ean jaso dute abisua larrialdi zerbitzuek Senpereko ostatu batetik. Bertako logela batean aurkitu dute bost hilabeteko haurtxoa eta ezin izan dute suspertu.

Familia Euskal Herrian zen oporretan eta gaur arratsaldean utzi behar zuten Senpereko ostatua.

Aipatu iturriak azaldutakoaren arabera, haurtxoaren ama atxilotu eta Baionako polizia-etxera eraman dute, semea itotzea leporatuta.

Baionako Fiskaltzak eskatuta, mediku forentse bat Senperera joan da eta baieztatu egin du heriotza ez dela arrazoi naturalen ondorio izan. Datorren astean egingo diote autopsia gorpuari.