Nagore Belastegi Martin

Nafarroako Erresumako erreginak eta «etxeko errepubliken» jabe

Gaur egun berdintasunagatik borrokatzen dugu egunero emakumeok, duela urte gutxi baino egoera hobean gaudela ikusirik baina oraindik ere lan asko egiteko dagoela jakinda. Baina iraganean ere borrokatu zuten emakumeek euren eskubideengatik, eta lortu zuten gizonezkoek euren garrantzia onartzea.

Feminismoa azken mendeko mugimendu gisa ikus dezakegu, baina iraganean ere aurki ditzakegu gizonen parean kokatu nahi izan ziren emakumeen aztarnak. Emakume garrantzitsuak izan ziren gainera, belaunaldiz belaunaldi euren ideia «aurrerakoiak» seme-alabei pasa zizkieten emakumeak. Nafarroako Erresumako erregina eta printzesez ari gara.

Beti esan izan da Euskal Herriko gizartea matriarkala dela jatorriz, nahiz eta erlijioak eta matxismoak ohitura zaharrak zapuztu gerora. Ez dugu bista atzeregi bota behar konturatzeko emakumeak baserrian jokatzen zuen papera gizonak baserritik kanpo egiten zuena bezain garrantzitsua zela ikusteko. Bakoitzak bere papera zuen baina biak ala biak ezinbestekoak. Emakumea ez zen gutxiago etxekoandrea izateagatik.

Horren inguruan aritu ziren, adibidez, pasa den astean Donostiako Miramar jauregian egindako EHUko Udako Ikastaroan. “Mundos femeninos en el pasado de Vasconia” zuen izenburu, eta hizlari bakoitzak garai bat hautatu zuen historiari errepasoa egiteko. Alvaro Adot Pauko Unibertsitateko ikerlariak Nafarroako Errenazimenduko gorteko emakumeak izan zituen hizpide. «Garai hori oso matxista zen. Batzuek esaten zuten emakumea gizon inperfektu bat zela. Juridikoki ez zuen eskubiderik, gizona baino gutxiago zelako. Baina Baskonian kontzeptu hori ez zegoen hain argi. Nafarroan emakumeak eskubide propioz izan zitezkeen erregina eta juridikoki eskubide berdinak zituzten», aipatu zuen kasu berezia zela azpimarratuz.

Emakume sendoaren eredua belaunaldiz belaunaldi transmititu zen. XV. mendetik aurrera emakumearen garrantzia agerian gelditzen hasi zen, eta, XVI. mendean, jada jarrera hori ez zen zalantzan jartzen. Margarita Angulemakoa da Adotek aipatu zuen lehenengo emakumea. Ondoren etorri ziren Joana III.a Nafarroakoa eta haren alaba, Katalina Borboikoa. Azken horrek emakumeen egoeragatik interes handia zuen, bere aurrekoek irakatsitako bidea ardatz.

Nafarroan ez zegoen lege salikorik, baina Frantzian bai, beraz, Katalinak Pirinioetako lurraldeengatik borroka egin zuen, baina baita gorteko emakumeen eskubideak defendatzeagatik ere. «Ezin diogu eskatu garai horretan emakume guztien eskubideen alde egitea, nahikoa egin zuen», aipatu zuen adituak.

Katalinak auziak izan zituen bere osaba eta lehengusuarekin legez erreginarenak ziren hainbat lurralde eskuratu nahi zituztelako. Gizonak ziren eta merezi zituztela uste zuten. Baina Katalinaren ustez emakumeak erresumak gidatzeko gai ziren, baita konderriak eta dukerriak ere. Bera zen adibidea, eskubide propioz gobernatu baitzuen. Horrek ez du esan nahi, baina, erregina izateko lehen aukera izan zenik.

Katalinaren amonak, Margarita Angulemakoak, jakintsua eta independentea izatearen ospea zuen. Enrike II.a Nafarroakoarekin ezkontzeko «zortea» izan zuen. Honen ama Katalina I.a Nafarroakoa erregina izan zen eskubide propioz, beraz, semea ideia horrekin hezi zuen eta bere emaztearekin «permisiboa» izan zen. Hala, Margaritak irakurtzen ikasi zuen eta emakume eredu desberdinak ezagutu zituen. Euskara ere babestu zuen eta gortearen babesarekin kaleratu zuen Bernart Etxeparek euskarazko lehenengo liburua.

Eliza immobilistarekin arazoak izan zituen idazleak babestu zituen Margaritak. Idazle frantses askok laguntza eskatu zioten eta Nafarroara joan ziren. «Esaten da Margarita eskumikatua izan ez bazen, bere anaia Frantzisko I.a Frantziakoari beldurra ziotelako izan zela». Giro zabal eta «aske» horretan jaio zen Joana III.a Nafarroakoa, eta gerora emakumeekiko babes eta elkartasun eredu bilakatu zen.

Kontraesanak idazkietan

Nahiz eta emakumeek beraiek euren karguak eta eskubideak defendatzen zituzten eta lege saliko ezak askatasun pixka bat eman emakumeei Nafarroan, erregina eta printzesa haiekiko ikuspegia ez zen guztiz berdintasunezkoa. Izan ere, idazle askok eta askok emakume boteretsuok deskribatu zituzten euren idazkietan, kontraesan dezente pilatuz. «Emakumea behe-mailako gizakitzat hartzen zen, ontasun eta gaiztotasunak tartekatzen zituena; deabruak ziren baina baita zintzoak ere. Hori bai, Nafarroako gortean ez zegoen printzesa eta erreginen kontrako testuak idatzi zuenik, eta kritika guztiak Espainiatik eta Frantziatik etortzen ziren. Lausengu egiteagatik izan daiteke edo idazle horiek erreginek aukeratzen zituztelako, beraz, haien aldekoak zirelako», esan zuen Adotek.

Margarita gustu oneko emakumea omen zen eta gorteko jendea harrituta zegoen oso ondo dantzatzen zuelako. François Rabelaisek Margaritaren gortea deskribatu zuen eta liburu bat idatzi zuen gaiari buruz. Nahiz eta erregina goraipatzen zuen, emakume ahula, aldakorra eta inperfektua zela ere idatzi zuen.

Idazleen artean bazeuden «defendatzaile faltsuak», hau da, hasiera batean onak iruditu arren atzean intentzio txarra zuten gauzak idazten zituztenak. Pierre Lombardek, adibidez, emakumeak bekatariak eta limurtzaileak zirela esaten zutenetatik defendatu zituen. Zioenez, ez zen emakumeen errua, gizonena baizik. «Zergatik? Bada gizonezkoak argiak eta indartsuak direlako, eta, beraz, emakumeak horri esker limurtuak izan badira, errua beraiena da, ez emakumeena. Gainera, normala da emakumezkoak gizonezkoak erakartzen saiatzea, gizaki inperfektuak direlako eta perfekzioa bilatzen dutelako. Baina gizonezkoek, perfektuak izanik, ez lukete gizaki inperfektuen sareetan erori behar», laburtu zuen hizlariak.

Michel de Montaignek, ordea, emakumeen aldeko ideia argiak azaldu zituen. Honen arabera normala da emakumeek euren kabuz eskubideak defendatzea munduko arauak gizonezkoek eginak direlako, haien iritzia kontuan hartu gabe. Pierre de Brantômek ere gorteko emakumeak asko estimatzen zituen eta haiei buruz esan zuen ederrak, bertutetsuak, zintzoak eta argiak zirela.

Emakumeen iritzia

Baina zer esaten zuten emakumeek? Erreginek eurek bizi zuten egoerari buruz idatzi zuten. Adibidez, Margaritak esan zuen emakumeak gizonen axolagabekeriaren biktimak zirela, hauek emakume bakarrarekin konformatzen ez zirelako.

Joanak ez zuen bere amak bezain besteko testurik eman, baina, hala ere, nahiko emankorra izan zen. Kalbinista zen eta horregatik bere gorteko emakume guztiek irakurtzen ikastea nahi izan zuen, Biblia euren kabuz irakur zezaten. Lehen aipatu bezala, emakumeen babesle bilakatu zen. Adibidez, gorteko emakume bat haurdun gelditu zen eta aitak ez zuen berarekin ezkondu nahi. Joanak emakumea sutsuki defendatu zuen, nahiz eta azkenean parlamentuak arrazoia gizonari eman zion.

Bere kontrako iritziak erantzuteko arazorik ez zuen izan, batez ere gizonezkoek ematen bazituzten. Bere ustez, gizonak intentzio txarrekoak eta manipulatzaileak ziren. Bere erreinuaren kontrako argudioei argi eta garbi erantzun zien txanpon baten bidez. Alde batean bere aurpegia ikusten zen eta “Joanna” jartzen zuen. Atzeko aldean, berriz, “Nafarroako erregina hil arte” jarri zuen.

Katalina Borboikoaren garaiko emakumeen egoera bere ohorezko dama zen Catherine Liebaultek deskribatu zuen. Honen arabera, triste zeuden eta sufritu egiten zuten indarrez, eta ez maitasunagatik, ezkondu behar izaten zutelako.

Gortetik kanpoko beste idazle emakumea Claude de Taillemont izan zen, zeinek Margaritari babesa eskatu zion. Honek ezezkoa eman zion gaixo zegoelako. Ondoren Joanak hartu zuen. Erregina hori bezalaxe, bere idazkietan gizonen izaera adulteroaz kexatzen zen.

Laburbilduz, XVI. mendea aldaketa handien garaia izan zen. Printzesa eta erreginak gorteko gainontzekoen eredu izan ziren, eta Frantzian esaten hasi ziren bertan emakume batek gobernatu izan balu izandako gerra asko eta asko saihestu egingo zirela.

«Errepublika txikia»

Ana Zabalza Nafarroako Unibertsitateko irakasleak mendeetan aurrera egin zuen eta ezagunagoa zaigun garai batera egin zuen salto, baserriak instituzio bat ziren garaira, Euskal Herri bukolikoan irudikatuko genukeen garaira. Etxea «errepublika txiki bat» zela esan zuen eta ildo horri helduz eskaini zuen bere hitzaldia.

«Mendeetan familiarena izandako lursailetan bizi ziren. Bertan zeuden aurrekoak lurperatuta. Egoera hori oso azkar aldatu da. Gure aitona-amonek hori bizi izan dute, baina guk zenbat lekuri deitu izan diegu ‘etxe’?», galdetu zuen irakasleak.

Etxea ez zen eraikin soil bat, belaunaldiz belaunaldi transmititzen zen garrantzizko instituzio bat baizik. Etxe horren jabe bilakatzen zenak zaindu egin behar zuen aurrekoek egin zuten bezala, ondorengoek ere egoera horretan eskuratu ahal izateko. Ahala bazuten hobetu egiten zuten ezagutuko ez zituzten ondorengoek etxeaz goza zezaten. Bertikaltasun hori zegoen. Baina horizontaltasuna ere bazegoen, gizonaren eta emakumearen arteko dikotomia horretan. Bien beharra zegoen etxe bat zutik mantentzeko.

Biak garrantzitsuak ziren gizakiaren bi aldeek bat egiten zutelako. Bien beharra zegoen unetik, euren paperak ezin ziren trukatu. «Ezkontzek ez zuten gehiegi irauten; berandu ezkontzen ziren, eta, garaiko bizi itxaropena oso eskasa zenez, alargun gelditzen ziren oso azkar. Horregatik, bizirik zegoena berehala ezkontzen zen berriro, etxeak behar zuelako», aipatu zuen adituak.

Herrixkak ez ziren oso handiak, lurralde menditsua delako Euskal Herria. Horregatik bazegoen etxe kopuru zehatz bat eta ez ziren gehiago eraikitzen. Etxean gelditzen zenak bertan bizitzen jarrai zezakeen, baina gainontzeko anaia-arrebek bi aukera zituzten: edo ezkondu eta beste etxe batera joan edo ezkongai gelditu, betiko etxean.

Familiak konplexuak ziren. Sendia etxean bizi ziren pertsonek osatzen zuten eta beste etxe batera bizitzera joaten zena jada ez zen familia horretakoa, beste batekoa baizik. Horregatik, familia batean elkartzen ziren jabe berriak, gurasoak, seme alabak, anai-arreba ezkongaiak, lehengusu umezurtzak, baserrian lan egiten zutenak... Odolezko harremana zuten pertsona batzuk, ordea, beste etxe batean bizitze hutsagatik, ez ziren jada familiakoak. Hala, familiak erlijioak bezalakoak ziren. Beste leku batera joanez gero familia hori gurtu behar zuten, euren ohiturak bereganatu eta horiei fidel izan aurreko ohiturak ahaztuz.

Emakume eta gizonen lanak

Etxe batean lan asko zegoen egiteko eta horregatik bai gizonak bai emakumeak lanean pasatzen zuten eguna. Gizonezkoek etxetik kanpo egiten zuten lan –landa eremuetan artzainak ziren eta kostaldean arrantzaleak– eta emakumeak etxean aritzen ziren. Etxea bezala uler daiteke baserria bera eta inguruko guztia, baratza eta ukuilua barne.

Hala, emakumea lan domestikora mugatzen zen. Gaur egun, gizon eta emakumeek etxetik kanpo egiten dute lan eta lan domestikoak elkarbanatzeko helburua izaten dugu, ahalik eta gutxien egiteko, baina garai hartan garratzi handia ematen zitzaion parte honi, etxea zaintzearekin zerikusia zuelako. «Munstro batek, Estatuak, lan domestikoa irentsi egin du. Osasuna, hezkuntza, zainketak... guztiak emakumearen esku zeuden eta orain Estatuak betetzen du paper hori. Ez zegoen ez etxetik kanpoko ospitalerik, ez oihal lantegirik, ez saltokirik, ez eskolarik... Den-dena etxean egiten zen», esan zuen Zabalzak.

Etxea zutik mantentzeko emakumearen beharra zegoenez, gizon alargun batek emakume baten beharra zuen lehenbailehen. Horregatik, askotan emaztearen ahizparekin ezkontzen zen. Era berean, gizonek denbora asko etxetik kanpo ematen zuten, arrantzan edo artzaintzan, baita laborantzan ere. Askotan gazte hiltzen ziren, eta, emakumea, gizon baten premian, etxean lan egiten zuen zerbitzariarekin ezkontzen zen. Zergatik? Bada etxea zutik mantentzeko etxea ezagutzen zuen gizon bat behar zuelako, eta zerbitzariek ondo baino hobeto ezagutzen zuten.

Etxea, alabarentzat

Kataluniar Pirinioetan etxea jaiotzen zen lehenengo gizonarentzat zen. Bikiak baziren ateratzen zen bigarrena zen maiorazkoa, euren logikaren arabera «sartzen lehena» izan zelako. Nafar Pirinioetan, ordea, etxea norentzat zen erabaki ahal zuten gurasoek eta normalean emakume batentzat izaten zen. Gizonak haurrak zirenetik etxetik kanpo aritzen ziren lanean eta emakumeak etxean geratzen ziren, amarekin. Beraz, alabak ziren etxea ezagutzen zutenak. Etxeko lanak ondo egiteko eta langileak izateko hezten zituzten, ezkontzeko garaian hori asko baloratzen zelako. Zenbait zonaldetan, gainera, alabarik gazteenarentzat zen etxea, ezkontzen azkena izan ohi zelako eta guraso zaharrak zaintzen gelditzen zirelako etxean.

Baina etxetik kanpo ere egiten zuten lan noizean behin. Udako uzta jaso behar zenean familiako kide guzti-guztiek parte hartzen zuten. «Eurite batek urte osoko uzta suntsi zezakeenez, ahalik eta azkarren jaso behar zen. Ondoren, etxean ondo pilatu behar zen hezetasunak ez hondatzeko eta lapurrik ez sartzeko», azaldu zuen irakasleak. Bestalde, ur bila joaten ziren herriko iturrira. Herri guztietan zegoen edateko aproposa zen ura zuen iturri bat eta emakumeak han elkartzen ziren. Iturririk ez egotea arazo bat zen, ur txarra edaten zutelako –batez ere udan– eta jende asko hil egiten zelako gaixo.

«Garai hartan ez zegoen Whatsappik abisatzeko zein ordutan joango ziren, baina guztiek zekiten noiz agertuko zen bakoitza. Hitz egiteko une bat zen, albiste guztien berri ematen zuten han, emakume ezkongai bat bazegoen eta gizon batengatik interesa agertzen bazuen, gizon hori agertzean emakume guztiek aitzakiaren bat bilatzen zuten bikotea bakarrik uzteko. Iturria ura bilatzeko leku bat baino askoz gehiago zen», kontatu zuen Zabalzak.

Gizonentzako funtzio berdina zuten azokek. Herri txikietatik urrun antolatzen zituzten eta emakumeak ezin ziren joan, etxetik kanpo egun bat baino gehiago ezin zutelako eman. Gizonentzako topaleku bihurtzen zen azoka orduan, non euren kontuez hitz egiten zuten eta apaizaren bidez emakume alargun eta ezkongaien berri izaten zuten.

Egun batean Uharteko alkateari edateko ura etxeetara eramateko ideia otu zitzaion. Aitzindaria izan nahi zuen eta meritua eraman, baina sorpresa itzela hartu zuen: emakumeak kontra agertu ziren. Ura etxean izateak lanak erraztuko zizkien, baina euren bizitza soziala ere bortizki mugatuko luke. Azkenean, alkateak bere intentzioekin aurrera egin zuen eta ura etxeetara eraman zuen, eta orduan amaitu zen emakumeen espazio hori.

Pixkanaka emakumearen lana garrantzia galtzen hasi zen; etxea jada ez zen «sakratua» eta emakumea bera gutxiesten hasi zen gizartea. Emakumea, gizonarekin parekatzea xede, etxetik kanpo lanean hasi zen, prestigio berdina lortu ez arren. Gainontzeko etorritakoa ezagutzen dugu, pausoz pauso orain arte iritsi delako. •