NAIZ
GASTEIZ

«Balizko akordioetarako aukerak aztertzeko» bilera egingo dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek bilera egingo dute bihar Gasteizko Legebiltzarrean, «etorkizunera begirako erronkak eta balizko akordioetarako aukerak aztertzeko».

Elkarrekin Podemoseko hamaika legebiltzarkideak, kredentzialak jasotzen. (@PodemosEuskadi_)
Elkarrekin Podemoseko hamaika legebiltzarkideak, kredentzialak jasotzen. (@PodemosEuskadi_)

Bi koalizioek jakinarazi dutenez, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariek bihar egingo dute bilera, 11.30ean, Gasteizko Legebiltzarrean. «Etorkizunera begirako erronkak eta balizko akordioetarako aukerak aztertzeko» bilera izango dela adierazi du koalizio abertzaleak.

EH Bilduren ordezkaritza osatuko dute Arnaldo Otegik, Miren Larrionek, Maddalen Iriartek, Jasone Agirrek eta Iker Casanovak.

Pili Zabala, Lander Martinez, Cristina Makazaga, Isabel Salud eta Nagua Alba, izango dira, aldiz, Elkarrekin Podemoseko ordezkariak.

Aktak jaso dituzte

Gaur bertan Elkarrekin Podemoseko hamaika legebiltzarkideek kredentzialak jaso dituzte Legebiltzarrean. Parlamentuaren osaketarako prozedura martxan jartzeko, gutxienez 25 legebiltzarkidek jaso behar dituzte kredentzialak.

EAJko 28 ordezkariek aste honetan bertan beren diputatu-aktak jasotzea espero da.

Aktak jaso ondoren, komunikabideen aurrean agertu dira Pili Zabala eta Lander Martinez. Esan dutenez, Legebiltzarrean aurkeztuko dituzten lehen neurriak ate birakarien eta Lanbideren erreformaren ingurukoak izango dira, eta horrekin batera berdintasun batzorde bat sortzea proposatuko dute. Ez dute xehetasunik eman.