Maitane ALDANONDO

«Merkatuko onenetakoak dira, 3d inprimagailuen Rolls Royce-ak»

Tumaker elkarte mugatua diseinu propioko 3D inprimagailuak egiten lehena izan zen Estatuan. Oiartzungo lantegian eta inguruko enpresen osagaiekin prestatzen dituzte. Formakuntza ere ematen diete bezeroei, makina zerbait egiteko bidea dela sinetsita.

Tumaker 3D inprimagailuak egiten dituen Oiartzungo enpresa bat da. K35 teknologia aholkularitza bulegoaren berrikuntza proiektu gisa sortu zen 2012an, 3D inpresioaren teknologia etorkizunean enpresentzat esanguratsua izango zelakoan. Aukerekin batera, hobetzeko gauza asko ere bazituela ikusi zuten. Proiektu propio bat hasi eta autonomia hartzen joan zen, 2014an elkarte mugatu bilakatu zuten arte. Estatuan berezko diseinua duen 3D inprimagailua egiten lehenak izan ziren. Bi urteko ibilbidean ezagun egin dira, CAF eta SPRIren interesa erakarriz. Jon Bengoetxea errenteriarra da 12 langileko enpresaren zuzendari exekutiboa. Elektronika eta kudeaketa ikasketak ditu, baita gaizki atera zen lehen enpresa batekin lortutako ezagutza ere. Bazkide batekin sortu zuen K35 2004an eta orain buru-belarri dabil Tumakerren. «Oraindik ume txikia da eta behar asko ditu».

Diseinua eta fabrikazioa Oiartzunen egiten dituzte, bulegotik oso gertu dagoen lantegi batean. Osagaiak, halaber, ingurukoak dira. «Iruñean hornitzaile garrantzitsu bat dugu eta gainerakoak Irunetik Urnieta bitartean daude», zehaztu du arduradunak. Horiekin egindako bi produktu dituzte merkatuan: Voladora eta Big Foot. Horiekin nahikoa izan ohi da, baina baten bat neurrira ere prestatu dute. Voladorak 2.500 € inguru balio du eta Big Footen hiru modeloek, 4.500 eurotik 9.000 eurora bitartean. Merkatuko material guztiekin inprima dezakete, eta batetik bestera aldatu arren, hauen prezioa kiloko 20 eta 40 euro artekoa da. Makinak ez du mugarik, baina materialek badute; eta hauen ezaugarriengatik ez da emaitza bera lortzen guztiekin. Epe laburrean produktu bilakatuko dute 3D inprimagailu banatua, ahalbidetuko duena zentralizatutako diseinu gune batetik inprimatu beharrekoa fabrika edo delegazioetara bideratzea. Bengoetxeak aurreratu du, halaber, datorren urtean ezagutaraziko duten proiektu batek «joko arauak aldatuko» dituela.

Bezeroak %80 industria alorreko enpresak dira, eta gainerakoak, unibertsitate nahiz lanbide hezkuntzako ikastetxeak. Lehenengoentzat prozesuak hobetzeko erreminta da, prototipoak, tresna propioak… egiteko. Erabileretako asko beraiei ez zaizkiela bururatu ere egin aitortu du arduradunak. Laster beste batzuen berri izan dezakeela dirudi, izan ere, urte amaiera artean fabrikazioarekin zerikusirik ez duten enpresa «oso potenteekin» bilduko baitira. Bigarren negozio ildoari dagokienez, 15 bat ikastetxetan Ikaslab laborategiak, 5-8 inprimagailuko gelak, jarri dituzte. Azkena, Tecnun-en prestatu zuten pasa den hilabetean. Motibazio handia sortzeaz gain, bertan «oso teknologia naturala» dela uste du Bengoetxeak, prototipoak azkar eta merke egiteko aukera ematen dielako.

Berezko bidea

3D teknologia bolo-bolo badabil ere, medioetan zabaltzen den honen inguruko irudia kaltegarria zaiela uste du arduradunak, enpresek urrutiko ikusten baitute. «Ebanjelizatzen» jarraitzen dute, baina gero eta enpresa gehiagok galdetzen die zertan baliagarri izan dakiekeen. «Ez ditugu inpresorak saltzen, soluzioa ematen diogu bezeroari. Zerbait lortzeko bidea da eta guk nola egin irakasten diogu. Hori da gure apustua eta gero eta hobeto goaz». Balio erantsia bilatzen dutenengan fokua jarrita dute eta urtean 500 bat inprimagailu saltzen ari dira. Bengoetxearen hitzetan, «enpresa gaztea gara, oso azkar egin ditugu gauzak eta nahiko ezagunak gara inguruan. Produktu oso ona daukagu eta ahotik ahorakoa martxan da. Ez daukagu ezagutarazteko indarra edo dirua, baina gure makinak merkatuko onenetakoak dira, 3D inprimagailuen Rolls Royce-ak. Lehiakideen asko ditugu eta ez dute zerikusirik».

Tumaker enpresa lokala da eta kanpora ateratzeko bokazioa du, baina lehenik hemen gauzak ondo egiten ikasi nahi dute. Argi dute, «hemen gertatzen ez dena, ez da kanpoan gertatuko». Euskal Herrian saltzen dute bereziki, eta Estatu espainolean gero eta gehiago. Uztailean Grupo Uncetarekin akordioa itxi zuten Estatuan, Portugalen eta Kuban beren inprimagailuak banatzeko. Halaber, Europan ere aliantzak egitea aztertzen ari dira, betiere, beraien ikuspegiarekin lan egiten duten partner-ekin. Merkatuko liderra den enpresa txinatarra «ez da urtean 80.000ra iristen. Merkatu murritza da oraindik, baina azkar hazten ari da, orain urtebete 50.000 saltzen zituelako». Halere, berrikuntza urria dela dio, bata bestearen kopia dela. Horregatik, berezko bidea egitea hautatu dute, luze eta gogorragoa bada ere.

Nahiz eta 30 urte baino gehiago dituen teknologia izan, bere aukerak ezezagunak dira gizartearen gehiengoarentzat. «Ez da mass market produktua oraindik, gauza gehiegi jakin behar dira erabiltzeko». Eskuragarri izango den inprimagailuak 600 euro inguru balio beharko lituzkeela kalkulatu du Bengoetxeak eta noizko aurreikusten duen galdetuta aurreikusi du «ikusten ari garena eta lantzen ari garen proiektu sekretu bat kontuan hartuta, hurrengo bost urtetan zentzua edukiko du». Izan ere, 3D teknologia «iraultza sozialtzat» jotzen du. «Mahaiak, aulkiak... 3D diseinatu dira, artxiboak dira. Kaleko jendeari gauza fisikoak, behar duena, oso azkar egiteko aukera ematen dio. Enpresan, etxean, eskolan. Zirkulua ixten du».