NAIZ
BILBO

Fernandez Iradiren askatasuna aldarrikatzeko manifestaziorako deia egin du Etxeratek

Bagoaz plataformak deituta, Ibon Fernandez Iradiren askatasuna aldarrikatzeko larunbat honetan Baionan egingo den manifestazioarekin bat egin du Etxeratek. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen egoera espetxe politikaren «ondorio ankerrenetarikoa» dela nabarmendu du elkarteak.

Bilbon egin dute agerraldia Etxerateko kideek. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Bilbon egin dute agerraldia Etxerateko kideek. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Bilbon eginiko agerraldi batean, Etxerat elkarteak larunbat honetan Baionan Ibon Fernandez Iradiren askatasuna aldarrikatzeko egingo den manifestazioaren deialdiarekin bat egin du.

Fernandez Iradi larriki gaixo dagoen presoetako bat da eta, ildo horretan Etxerat elkarteak adierazi duenez, egoera berean daudenen egoera da «euskal preso politikoei ezartzen zaien salbuespeneko espetxe politikaren ondorio ankerrenetarikoa».

Berriki Jaiki Hadi elkarteak ezagutzera eman duen Joseba Borderen kasuak egoera kritikoan dauden presoen zerrenda hamaikara igo duela azpimarratu du Etxeratek. Egun Teixeiron dagoen presoaren senideak ere agerraldian izan dira.

«Oinazea» helburu duen egungo espetxe politkaren aurrean, adierazi dute ezin dutela «besoak gurutzaturik egon». «Gizarteak ezin du oinarrizkoenak diren eskubideen urraketa etsipenez onartu», aldarrikatu du Etxeratek.