Jon ORMAZABAL
Entrevue
JOKIN ALTUNA
ASPEKO PILOTARIA

Jokin Altuna: «Nik ez badut irabazi behar, Oinatzek irabazteak pozten nau»

Esan ohi da, batzuk pilotariak direla eta beste batzuek pilotan jokatzen dutela. Kantxan erakutsia du aspaldi Amezketakoak lehen multzo horretakoa dela eta berarekin hitz egitean ere argi uzten du pilota bere pasioa dela. Gainera, bere nortasun agiriak erakusten dituen 20 urteetarako ere batere ohikoa ez den patxada eta sosegua agertzen ditu kirol honen inguruko gai guztien inguruan.

Lasai, ikaragarrizko naturaltasunarekin sumatu dugu Jokin Altuna bere ibilbideko lehen finalaren atarian, dena kontrolpean balu bezala.

Betiko ametsa inoiz baino gertuago dago?

Bai, gauza berri bat da, espero baino lehenago heldu dena, baina merezitakoa dela uste dut, lan handia egin dut hona iristeko eta oso-oso pozik nago aukera berri honekin.

Espero baino lehenago?

Bai, bai, sekula ez nuen pentsatuko horren azkar heltzerik, niretzat ikaragarria da hau, txapelketa joan den bezala gainera, oraindik gehiago. Buelta eman diogu eta ondo irten da.

Victorren aurkako partida horretan zerbait aldatu zen?

Jendeak Irribarriaren aurkako partida jartzen zuen mugarritzat, baina nik ikaragarrizko lasaitua hartu nuen Victorren aurka 22 tanto egin nituenean. Aurretik aste gogorra pasatu nuen, ez nintzen ondo sentitzen eta partida irabazi nuenean gauzak beste modu batera ikusten hasi nintzen, gero Urrutik Ikerri irabazi zionean eta hil edo biziko partida hori geratzen zen, baina beste gauza bat zen, sentsazioak hobetzen ari ziren eta nik uste Aimarren kontra nire maila onena eman nuela.

Presioa kendu nuen, Urrutiren aurka galdu nuenean hurrengo partida etortzeko presa bezala nuen, ahalik eta azkarren etor zedila nahi nuen, irabazi eta aurreko hura gainetik kendu. Nahiz eta partida borobila ez nuen egin, 19-12 horri buelta eman eta lasaitu egin nintzen.

Urrutiren aurkako partida –berak udan zuk baino hamalau partida gutxiago jokatu zituen– azkarregi heldu zen?

Kontua da ez nuela ezer prestatu, ikusi nuen ez nintzela ondo sentitzen, neure burua estutu egin nuen; eta gero, berari inolako meriturik ez zaio kendu behar, ikaragarri jokatu zuen egun hartan, dena ondo egin zuen eta egurra eman zidan.

Noiz egin zenuen lehen entrenamendua?

Lekunberrin uste dut, Ezkurdiarekin irailaren bukaera aldera, oso denbora gutxi. Txapelketa hasi aurretik, aste horretan lau partida jokatu nituen, eta horren ostean nola entrenatu...

Udak faktura pasatu dizu?

Uda gogorra izan da oso, jende gehienak txispa faltarekin lotu du hasiera hori, baina mentalki ere zama handia neraman. Bi edo hiru hilabetetan hainbeste jokatuta, profesionalak gara eta saiatzen gara ahal dugun guztia ematen, baina agian mentalki erre egiten zara. Aurreneko partidetan ideiak ez zitzaizkidan etortzen. Aurrekoan, Aimarren kontra, aukera bat nuenean, banekien hona edo hara bota, erabakiak hartzen asmatu nuen, baina aurrekoetan ez nekien pilota nora bota.

Debutatu aurretik Irujorekin entrenatzea amets bat zen eta justu bere hutsuneak behartu zaitu hainbeste partida jokatzera...

Dudarik gabe, Juanen hutsunea sekulako kolpea izan zen eta ez dakigu nola bukatuko den kontua. Juan, bai aldagelan eta bai kantxan, beti izan da oso pilotari maitatua, jendearekin oso erlazio ona izan duena eta nik txiki-txikitatik nuen bera ezagutzeko izugarrizko ilusioa. Ezagutu dudanetik ere oso harreman berezia izan dugu. Pena handia eman zidan nahiz eta egia den ateak ireki dizkidala edo partida dezente jokatu ditudala baja horregatik.

Hori ere kolpetik etorri da, prest zinen?

Prentsaurrekoa eman zuen arte ez nekien ezer ere ez. Mezuak eta bidali izan dizkiot hatzak zer moduz zituen galdetzeko eta bat-batean horrekin topo egin nuen eta shock egoeran geratu ginen. Orain arte ezin izan du bueltatu eta ez daukat ideiarik ere zer izango den.

Uda aurretik ni ondo sentitzen nintzen, bi hilabete geldirik izan nintzen, fisikoa tope egiteko aukera izan nuen, baina ez nekien ondo erantzungo nuen. Baina eskuak ondo izan ditut eta jokatutako partida denak jokatu ditut.

Gorputza ere aldatu zaizu?

Bueno, ez dakit, gorputzari dutxatu aurretik begiratzen diot eta nik ez dut notatzen zer aldaketa izan den. Baina egia da orain bi urte ikusi edo orain ikusi eta gizontzen edo, gorputza bera aldatu egin dela. Kirola eginda ere aldatzen da eta egia esan, gustura nago.

Kilo batzuk hartuta bai, ezta?

Bai, baina kilo asko ez ditut hartu. Nik hartzen dudana lanaren poderioz izaten da. Nik gantzik batere ez daukat eta geldi, kirola egin gabe, nagoela, beste pertsona asko ez bezala, ez naiz gizentzen, argaldu egiten naiz. Ez daukat batere gantzik eta daukadan muskulu apur hori, kirolik egiten ez badut, galdu egiten dut.

Finala Oinatzekin jokatuko zenuela jakiterakoan, berarekin konpartitzeak ilusio berezia egiten zizula esan zenuen, zergatik?

Bai, poz ikaragarria izan nuen. Niretzat, Mikel Urrutikoetxea oso gogoko dudan pertsona bat da, oso jatorra, baina Oinatzekin debutatu nuenetik, feeling handia izan dut. Ni oso ondo tratatzen nauen pertsona bat da eta pilotari bezala beti gustatu izan zait. Juanekin eta Aimarrekin beti egon izan da hor goian eta niretzat oso pozgarria da bere aurka finala jokatzea. Gero, agian kristoren egurra emango dit, baina beragatik asko pozten naiz.

Galduz gero, min gutxiago?

Egia esatea nahi baduzu komentatu izan diet lagun batzuei nik ez badut irabazi behar poz handia ematen didala berak irabazteak.

Aurkari deserosoa da, zuretzat Aimar baino deserosoagoa?

Oso deserosoa. Aimar agian luzeagoa da; Aimarrek erasora agian ez du horrenbeste jokatzen, Aimarrek erritmo lasaiagoan jokatzen du, baina bi pilotari ikaragarri dira, Aimarrek txapel gehiago atera izan ditu, baina Oinatzekin ez dakizu ze eratara jokatu behar diozun.

Ekaitzek ondo ezagutzen du. Zer ematen dizu Saralegik?

Batez ere lasaitasuna. Urrutiren aurka galdu nuenean esan zidan hau ez zegoela dena galduta, lasai egoteko, atseden hartzen saiatzeko eta emango geniola buelta. Eta ematen ez bagenion ere ez zela ezer gertatzen, mundua ez zela hemen bukatzen eta oso gaztea naizela.

Berak 34 urterekin edo jokatu zituen finalerdiak. Polita da pilotan urte asko jokatzea, baina kolpe gogorrak ere hartzen dira eta orduan eguneroko lanean jarraitzea besterik ez dago.

Zure orain arteko kolperik handiena?

Penarik handiena eman didana, bigarren mailako finala. Ez galtzeagatik, 18 urte nituen eta uste dut adin horretan galdu eta irabaztea ez dela hain garrantzitsua, adin horretan pilotan hobetzea da garrantzitsua. Pena eman zidana izan zen hainbeste jende joan eta ez nuela nire maila eman.

Xalton Zabalak esan zidan ez dela egongo zuk adina pilotarik ikusi duen beste gazterik...

Bueno, azkenean ez da sekula behartuta egin dudan zerbait, beti gustu askoz egin dudan zerbait izan da pilota eta erremontea ikustea. Ordu piloa sartu ditut pilotalekuan eta orain ere pilota ikustea gustatzen zait, ostiral, larunbat eta igandero. Eta ez bakarrik estelarra, nire ustez pilotarien garapena ikusi behar da bai lehen partidakoetan eta bai hirugarrenetan. Pilotari guztietatik dago zerbait ikastea.

Esaten da batzuk pilotariak direla eta beste batzuek pilotan jokatzen dutela. Izenik eman gabe, hori nabari da profesional koadroan?

Ikusten da bai batzuek serioago hartzen dutela, baina kirol guztietan gertatzen den zerbait da. Batzuentzat pilota euren bizia da eta beste batzuek beste filosofia batekin hartzen dute.

Amezketan beti omen dago norbait pilotan jokatzen...

Txikia nintzela, entrenamendua bukatu eta gustatu egiten zitzaidan hurrengoa ikusten geratzea. Akordatzen naiz Koxme, Haritz, Joseba Garrullalde, Erik Jaka… ni baino zaharragoak izanda nik baino beranduago entrenatzen zuten eta ilusioa egiten zidan hauek ikustea, pilotari handiak ziren niretzat.

Etxean bi erremontista handi izan dituzue...

Bai, bi osabak erremontista handiak izan ziren eta ordu piloa eman nituen baita ere erremontea ikusten.

Hortik Altuna III.arena?

Egin beharreko zerbait zen, haiek egindako ibilbidea ez delako inola ere ahaztu behar. Pilotari handiak izan ziren eta erremonteak eskuak baino errekonozimendu gutxiago du eta iruditu zitzaidan beraiek norbait izan zirela ikustera emango zuela.

Pilotaz aparte?

Kirol magisteritzako praktikak egiten ari naiz, hemen, Amezketan bertan. Entrenamenduen arabera, denbora gehiago edo gutxiago egoten naiz eta, egia esan, egun hauetan, perfekto datorkit, dezente ari naiz-eta deskonektatzen.

Umeak aztoratuta ibiliko dira...

Oso gustura dira, asko sostengatzen naute eta polita da eurengan ilusio hori ikustea. Batzuk finalera eta geroko afarira ere etorriko dira.

Finalerdiaren ostean, astelehenean, andereñoari esan nion beranduago helduko nintzela, errekuperazio ariketa batzuk egin behar nituela, 11.30 aldera helduko nintzela, baina bederatzietarako umeak zain omen ziren eta sartu nintzenean sekulako eromena izan zen.

Bestelakoan?

Mutil lasaia naiz, ez naiz plan piloa dituen horietakoa, edo hemendik asko irteten dena. Lagunekin egotea dut gustuko, ez naute pilotari ezagun bezala tratatzen, beste bat naiz, eta horixe gustatzen zait.