Jon Ormazabal
IRUÑEA

Binakakoa bukatzean amaituko du Abel Barriolak 19 urteko ibilbide profesionala

Abel Barriolak 19 urteko ibilbide profesionalari bukaera emango dio Binakako Txapelketaren ostean. Erabakia ondo pentsatutakoa dela dio, «%100 eman ezin dudan eguna iritsi aurretik utzi nahi dut», azaldu du Leitzako pilotariak.

Abel Barriolak Iruñean egin du bere agurra iragartzeko agerraldia. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Abel Barriolak Iruñean egin du bere agurra iragartzeko agerraldia. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Lagunez inguratuta eta malkoei eutsi ezinik eman du Abel Barriolak bere agurraren berri Iruñean emandako prentsaurrekoan. 19 urteko ibilbidearen ostean, Jokin Altunarekin jokatuko duen Binakako Txapelketa amaitutakoan utziko dio leitzarrak profesionalki pilotan jokatzeari.

«Ondo pentsatutako erabakia da, ez da izan gaizki sentitu naizelako. Ondo, indartsu, lehen egunean bezalako ilusioarekin nago, baina iruditzen zait 100% eman ez dezakedan egun hori iritsi baino lehenago uztea dela egokiena; nigatik eta pilotazaleengatik hartu dut erabaki hau». Eta hori, Fernando Vidartek beste urtebeterako kontratua eskaini diola.

Baina bere ibilbidean beti izan duen lehiakor izan behar horretan, Binakako Txapelketa honetan agur esango du, «posible balitz, txapelarekin».

Lehiaketa hau amaituta, apirilaren 16an, omenaldi xume bat egingo zaio, jaialdi batekin, printzipioz Eibarren. Hala ere, ekitaldian zen Nafarroako Federazioko lehendakari Fernando Pozuetak Labriten ere agur bat egiteko aukera eskatu dio Asperi eta honek ateak irekita utzi ditu.

Bereziki agur hitzak izan ditu Barriolak bere hitzaldian, pilotazaleei «beti izan duten jarrera eredugarriagatik eta maitatuta sentiarazi nautelako», enpresei eta, bereziki, lankide eta lagun pilotari guztiei.

Txapelez harago, ibilbide luze horretan egindako lagun guztiak gogoratu nahi izan ditu bere oroimen kuttunen kutxan. Gainera, «ni profesional izateko ahalegin guztia egin zuen aita» izan du gogoan, bera goi mailan ikusteko aukerarik izan ez zuelako.