Nagore BELASTEGI

Igartubeiti dolare baserria, Donostian emankor

Ez da ohikoa Gipuzkoako hiriburuan astoak eta idiak ikustea. Urumea ibaian barrena upelak garraiatzea ere ez da egunerokoa. Eta Donostiako Parte Zaharrean baserri bat ikustea ere bitxia da inondik ere. Sagardoaren kultura sustatzeko modu bat da aitzinera salto bat eman duen Sagardo Apurua festa.

Goizeko 9.00etan abiatu zen Astigarragatik sagardo upelez betetako txalupa. Antzina sagardogileek edaria kostaldera garraiatzeko erabiltzen zuten teknika erakutsi zuten, hirugarrenez. Hernani eta Astigarraga inguruan zeuden sagastietatik lortzen zen zukua kostaldean asko kontsumitzen zen, neurri handi batean marinelek euren bidaietara eramaten zituztelako.

Txalupa Donostiara 11.00etarako iritsiko zela iragarrita zegoen eta lehenxeago jada jende multzo bat zegoen Albaola elkarteak prestatutako egurrezko garabiaren inguruan.

Askok uretara begiratzen zuten eta, bertan zer egingo zuten asmatu ezinda, alde egiten zuten. Jendearen jakin-mina areagotu zuten asto eta idiak gerturatu zituztenean. Izan ere, Donostian ez daude halako abereak ikustera ohituta. Haurrak liluratuta zeuden.

Puntual-puntual agertu zen antzinako txalupetan oinarrituta eraiki duten barku berria. «Badator!», egin zuen garrasi baserritarrez jantzitako neska batek. Txalupa garabiaren azpian jarri eta, banan-banan, upel guztiak igotzeari ekin zioten sokari tiraka.

Sagardoa ez ezik, sagarrak ere bazekartzaten. «Bulebarrera goaz eta laguntza behar dugu sagarrak eramateko. Boluntariorik?», bota zuen neskak. Lotsati, baina haur batzuk animatu ziren. Bulebarrerainoko bidea trikitilariek alaitu zuten eta, tarteka, geldialdiak egiten zituzten sagar-muztioa edan eta plaza dantzak egiteko.

Tradizioei eutsiz

Getaria kalea igarotzean kalejirara gero eta jende gehiago batzen hasi zen. Une batean, hego haizearen ufada batek oinezkoentzako kaleko zuhaitzak astindu zituen eta hostoak hegaka jarriz Donostian ezohikoa den irudi bukolikoa marraztu zuen.

Bulebarra zen helmuga. Bertan “eraiki” dute Ezkio-Itsason dagoen Igartubeiti dolare baserri zaharraren erreplika. Txerria erretzen ari ziren, upelak jarriak zeuden eta bolatokian gizonak jolasean ari ziren.

Garai batean Donostiako Parte Zaharrean sagardotegi ugari zeuden, baina denborarekin desagertu egin ziren. Sagardoa denok ezagutzen dugu, baina sagardoaren kultura ez da hain ezaguna. Hori aldatu nahian, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak Sagardo Apurua festa antolatzen du, jendeari zertan datzan erakusteko. Horren baitan, ostegunera arte egitarau oparoa dute prestatuta. Tartean, azken egunean festari izena ematen dion eguna izango dute. Sagardotegiek gertuko jendea bertako edaria probatzera gonbidatzen zuten eguna izaten zen “sagardo apurua”. Beraz, txotx!