NAIZ
GASTEIZ

Gasteizko harresiko zortzi auzipetu ez dira epaiketara joango

2015eko maiatzean Gasteizko herri harresian parte hartzeagatik auzipetuta dauden zortzi lagun ez dira bihar egitekoa den epaiketara joango.

2015eko maiatzean Gasteizen egin zen herri harresian parte hartu zuten zortzi lagunen aurkako epaiketa finkatua dago biharko, baina ez dira joango.

Hala Bedik argitaratutako bideo batean nabarmendu dutenez, «libre bizi ahal izateko desobedientzia funtsezkoa da eta hori aldarrikatu nahi dugu».

Gogoratu dutenez, «bere garaian justizia eta legearen artean hautatzera derrigortu gintuzten eta gu justiziaren alde lerrokatu ginen, orain ere hori egingo dugu».

Bihar eguerdiko 12.30ean elkarretaratzea deitu dute Gasteizko epaitegien aurrean, eta han emango dituzte azalpen gehiago zortzi gazte horiek.

Fiskalak bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du auzipetutako zazpirentzat, eta hamabi hilabetekoa zortzigarrenarentzat. Desobedientzia leporatzen die.