Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Oroitz Gurrutxagaren euroagindua deuseztu beharko lukete bihar

Bihar jakinaraziko du Pauek Oroitz Gurrutxaga presoaren aurkako euroaginduaren inguruko erabakia. Espainiak bertan behera uzteko eskaria egin ostean, epaitegiak bertan behera uztea espero da. 

Paueko Instrukzio Gorteak bihar emango du ezagutzera Oroitz Gurrutxaga Gogorza euskal presoaren kontrako euroagindu eskaerari buruzko deliberoa. 2012n atxilotu zuten euskal presoak, berez, zigorra beteta Mont de Marsan espetxetik aske atera behar zuen joan den abenduaren 2an baina bezperan 2008ko euroagindu eskaera bat zeukala jakinarazi ostean, preso atxiki zuten.

Auzitegiak asteartean aztertu zuen eskaera baina Maritxu Paulus-Basurko abokatuak adierazi duenez, anartean, Audientzia Nazionalak euroagindua «efekturik gabe» uztea eskatu dio. Horrenbestez, epaileek bihar euroagindua deuseztu beharko lukete.

Errenderiarrak Estatu frantseseko lurralde debekua duenez, Estatu espainolera espultsatua izanen da seguru aski. Kanporatzea prestatu bitartean litekeena da Erretentzio Zentro batean atxikitzea. Hala gertatzen bada, Gurrutxagak preso segituko du espultsioa gauzatu arte.