GARA
URRETXU

Santa Lutzi, Urretxu eta Zumarraga herriak batzen dituen neguko azoka

Tradizioa eta berritasuna elkartzen ditu Santa Lutzi feria, urretxutar zein zumarragatarrentzat kuttuna den festa bat. Biek ospatzen dute, berdin-berdin gaurko eguna. Egitaraua bi udalen artean prestatzen dute eta bi herrietako kaleetan antolatzen dituzte erakusketa zein ekitaldiak. Sariketak, salerosketarako aukera, animaliak, musika, herri kirolak, eskulanak, gastronomia eta argazki lehiaketak uztartuko dituzte gaur.

Esaten da Santa Lutzi egunetik aurrera gauak motzagoak eta egunak luzeagoak bilakatzen direla. Noizbait, agian, honela izango zen baina egun neguko solztizioak beranduago da. Baina gaur ospatzen den egun honi meritu bat eman behar badiogu Urretxu eta Zumarragako herriak batzea da.

Biek aldarrikatuko dute Santa Lutzi feria eta biek batera ospatzen dute gainera, goizean goizetik antolatzen dituzten gauzak bi herrietako kaleetan kokatzen baitira.

8:00etatik aurrera Zumarragako Urdaneta hiribidean izango dira abereak sariketarako ikusgai eta baserritarren artean salerosketarako. Poteoan hasi aurreko ezinbesteko buelta izan ohi da honakoa. Zumarragan ere aurkituko dugu nekazaritzako tresnen azoka, La Salle-Legazpi ikastetxeko patioan.

Urretxun, ordea, eskualdeko ezti sariketa izango da Areizaga kaleko arkupetan eta artzain txakur erakustaldia antzarrekin Zubimusu plazan. Gainera, bi herrietan, leku desberdietan izango diren bestelako guneak ere izango dira: errezil sagarrak, frutak, barazkiak, ogia, gazta, taloak eta Euskal Herriko bestelako jakiak Zumarragako Euskadi plazan eta Urretxuko Gernikako Arbola plazan izango dira.

Bestalde, eskulanen erakusketa eta salmenta Zumarragako Euskadi plazan eta trenbidean gaineko zabalgunean zein Urretxuko Iparragirre eta Abenida berria kaleetan kokatuko dituzte.

Areizaga kalearen eta Kalebarren plazaren artean, bi herriak elkartzen diren puntuetako batean, ordea, oilasko eta kapoi sariketa izango da. Leku horretan bertan izango da sari banaketa 13:30etatik aurrera.

Azokaz gain

Ikusgai izango diren postuez gain, azokan zehar kalejira ugari arituko dira. Bestalde, herri kirolek ere garrantzi handia izan ohi dute Santa Lutzi ferian. Urretxuko Ederrena pilotalekuan aizkolariak izango dira 12:30etatik aurrera eta ondoren harri-jasotzaileek hartuko diete lekukoa. Arratsaldean, profesionalen pilota partidak izango dira (17:00). Zumarragako euskadi plazan, berriz, idi-probak jokatuko dituzte (18:00).

Amaitzeko, egingo dituzten argazki rallyak aipatzekoak dira. Alde batetik, Argazkia elkarteak antolatuko du lehiaketa bat eta, bestetik, udalek jende artean Wally eta bere lagunak aurkitu eta mugikorrarekin argazkia aterako erronka luzatu dute.