Ainara Lertxundi
Entrevue
Robin GUITTARD
amnesty international

«Gure erronka azpiegituren eta eskubideen alorretan Haitiren prestakuntza maila hobetzea da»

Jada bi hilabete pasa dira «Matthew» urakanak Haiti kolpatu zuenetik. Naturak eragindako txikizioari krisialdi politikoa eta giza eskubideen urraketak batzen zaizkio.

Matthew urakanak txikizioa eragin zuen iragan urrian Haitin, 2010eko lurrikara bortitza gogora ekarriz. Pasa den urriaren 4an ukitu zuen Karibeko uhartea. Laugarren mailako urakan bortitzak 240 kilometro orduko haize bolada izugarriak eragin zituen, 300 eskolatik gora, urteko uztak eta elikagai erreserbak hondatuz. Datu ofizialen arabera, 546 hildako utzi zituen, 1,5 milioi biztanle daude premiazko laguntza beharrean eta 175.000 lagunek utzi behar izan dute euren bizilekua. Orotara, urakanak bi milioitik gora biktima utzi ditu. Kalte materialak itzelak izan dira; errepideak, azpiegiturak, osasun etxeak... gelditu dira erabili ezinik.

Robin Guittard Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeko Karibeko lantaldeko kidea da. GAUR8 berarekin mintzatu da Haitiren egoerari buruz. Naturak eragindako txikizioari, migrazio arazoak eta krisi politikoa batzen zaizkio.

Nola deskribatuko zenuke «Matthew» urakanaren ondorengo Haitiko egoera?

Lehenik eta behin argi izan behar da Haitiko egungo egoera faktore ugariren ondorioa dela. Azpiegituren arloan gabezia handiak ditu Haitik eta horrek erakunde publikoak eta Estatua bera ahuldu egiten ditu. Estatuak ahaleginak egin dituen arren, Haitik ez du azpiegitura eta baliabide nahikorik hondamendiei aurre egiteko. 2010eko lurrikara da esaten ari naizenaren adibiderik argi eta tragikoena. Matthew urakanaren aurreko egoera oso latza zen jada. 2010eko lurrikarak eragin zuen krisi humanitarioa konpondu gabe zegoen. Duela sei urte etxebizitza galdu zuten 60.000 haitiarretik gora desplazatuentzako kanpalekuetan bizi ziren oraindik urakana gertatu zenean. Egoera negargarri horren ardura ez da soilik Estatuarena, nazioarteko komunitatearena ere bada.

Naturak eragindako hondamendiei migrazio krisialdia gehitu behar zaio. Haiti hegoaldean, eremurik kaltetuenean hain justu, Dominikar Errepublikatik kanporatutako haitiarren kanpaleku bat dago. Bertan, bizi baldintzak penagarriak ziren urakana gertatu aurretik ere. Giza eskubideen arloan ere gabezia larriak antzeman ditugu, esaterako, justizia arloan. Presoen % 70 prebentiboak dira. Urteak daramatzate prebentibo gisa; pentsa, askotan jaso dezaketen balizko zigorrean aurreikusitakoa baino denbora dezente gehiago ematen dute preso prebentibo gisa. Gerta daiteke garrantzi gutxiko lapurreta bategatik bost urte egotea preso epaiketarik gabe, eta, epaitua izatean, bi urteko kartzela zigorra jasotzea. Justizia sistemak ez du balio. Horrez gain, krisi politikoa sakona da. Iaz, presidentea eta udal agintariak hautatzeko hauteskundeen lehen itzulia egin zen, baina iruzur salaketak tarteko emaitzak bertan behera utzi zituzten. Urrian errepikatu behar zituzten hauteskundeak, baina urakanaren ondorioz atzeratu egin zituzten. [Azaroaren 20an egin ziren presidentetzarako hauteskundeak. Behin-behineko Hauteskunde Batzordeak iragarritako emaitzen arabera, Jovenel Moïse PHTK alderdiko hautagaiak botoen %55,67 lortu zituen, eta, Jude Celestin LAPEHeko kideak, %19,52. Azken horrek emaitzok ez dituela onartzen ohartarazi eta mobilizatzeko deia luzatu dio jendarteari. Bigarren itzulia urtarrilaren 29an egingo da]. Faktore horiek guztiek Haitiko egoera lehertzeko zorian utzi dute.

Dominikar Errepublikatik milaka haitiar kanporatu dituzte. Zein da euren egoera?

Munduko Migrazio Erakundearen arabera, Dominikar Errepublikako migrazio politika berriak behartuta, 2015etik haitiar jatorria duten edo Dominikar Errepublikan jaioak izanagatik bertan egoera alegalean zeuden 1o0.000 inguru itzuli dira Haitira. Historikoki, migrazio handia egon da bi herrien artean, eta urte luzez araututako mugimendua izan da. Dominikar Errepublikan haitiarrak kontratatzen zituzten azukre-kanabera plantazioetan lan egiteko. Baina, 2013an, Auzitegi Konstituzionalak dominikar herritartasuna kendu zien milaka etorkini atzeraeraginezko izaerarekin. Gobernuak deportazioak eten zituen, paperik gabe zeudenen egoera legeztatzeko. Baina, 2015eko uztailean, deportaziok berriz martxan jarri zituzten; hala, haitiar jatorriko etorkin askok itzultzea erabaki zuten, beldurragatik. Deportazioetan giza eskubideen urraketa ohikoa da; legea eta pertsonen duintasuna ez dira beti aintzat hartzen. Deportazioak bortitzak eta arbitrarioak izan ohi dira, maiz familiak elkarrengandik bananduz. Askotan ez dute denborarik ere euren ondasunak biltzeko. Gutxi gorabehera, 60.000 bat pertsona euren kabuz itzuli dira Haitira. Jaso ditugun lekukotasunen arabera, askok alde egiteko mehatxu eta presioak jasan zituzten. Gainontzeko 40.000 horien artean, erdiak dominikar legedia errespetatuz kanporatu dituzte. Horrek gauzak ondo egiteko nolabaiteko borondatea erakusten du, hots: kasuak banaka aztertu eta Dominikar Errepublikan jaiotako inor ez deportatzeko nahia agertzen du. Baina legezkoak ez diren deportazioak ere egon dira. Mugaren zaintzaz arduratzen den unitate militarrak egin ohi ditu legez kanpoko deportazio gehienak. Horien atzean ustelkeria dago. Ohikoa da soldadu batek etorkin multzo bat atxilotzea eta lasai uztearen truke dirua eskatzea. Eskatukoa ematen ez badiote, deportatu egiten ditu. Egoera oso konplexua da, horregatik, garrantzitsua da egoerak desberdintzea, ez baita zuzena esatea 100.000 pertsona deportatu dituztela. Bi herrialdeek erantzukizun handia dute; Dominikar Errepublikak nazioarteko legedia errespetatu behar du eta Haitik ere egoerari tamainako erantzuna eman beharko lioke. Baina ez da hala. Estatuak huts egiten du. Mugara iristean deportatuek ez dute inolako laguntzarik. Mugan ez dago erakunderik. Ur-horniketa eta bestelako oinarrizko zerbitzurik gabeko kanpalekuak eraiki dituzte Haiti hegoaldean, mugan. Osasun eta hezkuntza eskubideak utopia hutsa dira kanpalekuotan. Hala, bi herrialdeotan zatituko uhartea migrazio krisi latza bizitzen ari da. Amnesty International eta gobernuz kanpoko gainontzeko erakundeak oso kezkatuta gaude.

Herritartasuna kendu ostean, milaka pertsona aberri gabe gelditu dira Dominikar Errepublikan. Hortaz, ez dira inolako eskubideren jabe.

Pertsona horien egoera kezkagarria da. Aberrigabeak izanik, ez dute nortasun agiririk, eta, esan bezala, egoera horretan ezer gutxi egin dezakete, ez baitira legalki existitzen. Umeak badira, lehen hezkuntza amaitu dezakete, baina arazo handiak izango dituzte bigarren hezkuntza egiteko. Eta unibertsitatearen ateak erabat itxita dituzte. Prestakuntzarik gabe, baldintza duinak eskaintzen dituzten lanpostuetara aurkezteko aukerarik ez dute. Lan txikiekin bizirauten dute. Gizonak badira, eraikuntzan lan egin dezakete; emakumeek, aldiz, zailtasun gehiago dituzte. Maiz, tratu txarrak eta sexu-abusuak pairatzen dituzte. Dominikar Errepublikak egoera konpondu behar du ahalik eta azkarren, herritartasunik gabeko pertsonon seme-alabak ere baldintza berdinetan jaiotzen ari baitira. 2013an kendutako herritartasuna itzul diezaietela eskatzen dugu Amnesty Internationalen izenean.

Zenbat pertsona daude egun herritartasunik gabe?

Erantzuteko galdera zaila da. Ez dugu zifra zehatzik. Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak Dominikar Errepublikan herritartasuna galtzeko arriskuan 130.000 pertsona daudela ohartarazi du. Baina Auzitegi Konstituzionalak lau belaunaldiri kendu die herritartasuna; herrialdean 1929tik hona jaiotakoei hain zuzen. Ez dago kopuru zehatz bat jakiterik. Zehatz-mehatz dakigun bakarra honakoa da: gaur egun bi gurasoak atzerritarrak –haitiarrak– dituzten 100.000 pertsona bizi dira Dominikar Errepublikan, bertan jaio eta hezi dira. 2013ko epaiak baditu aurrekariak, ez da egun batetik besterako kontua. 90eko hamarkadaz geroztik, erregistro zibilean nortasun agiria berritzeko edo egiteko oztopoak jarri dizkiete haitiar jatorriko herritarrei. Azken hamarkadan, guraso edo aitona-amona haitiarrak dituztenei nortasun agiria edozein aitzakiarekin ukatzen diete. Paperak ukatzeko erabili ohi dituzten argudioen artean daude euren abizenek frantses kutsu handiegia dutela eta horrek haitiarrak direla esan nahi duela edota azal kolore beltzegia dutela. Auzitegi Konstituzionalaren epaiak arau diskriminatzaile eta arrazistok legeztatu zituen. Haitiarrekiko ezinikusiak sustrai kultural sakonak ditu; hamarkada luzez, euren aurkako imajinario kolektibo bat bultzatu dute agintari dominikarrek. Diskriminazio arazo bat dagoenik ez da onartu ere egiten. Gobernu dominikarrak arrazismoan oinarritutako diskriminazioa dagoenik ere ukatzen du. Noski, horrela arazoa konpontzea ezinezkoa da, konponketaren lehen urratsa arazoa bera aitortzea baita.

Nazio Batuetako idazkari nagusiak, Ban Ki-moonek, kolera izurritearengatik barkamena eskatu die duela gutxi haitiarrei. Nola baloratzen duzu?

Nazioarteko komunitatearen paperaz mintzatu garenean, kolera izurritearekin gertatu dena adibide argi eta tristeena da, zoritxarrez. Frogatuta dago kolera Nepaleko kasko urdinen kanpaleku batean hasi zela; ondoren, irlan zehar barreiatu zen. Urte luzez, ardura oro ukatu zuten kasko urdinek. Soilik pasa den udan onartu zuen Nazio Batuen Erakundeak 2010eko izurritearekin zerikusia zuela. Emandako erantzuna lotsagarria izan da. Jada sei urte dira izurritea hasi zenetik eta oraindik ere biktimek eta euren familiek ez dute inolako kalte-ordainik jaso; eurentzat ez da inolako justiziarik izan oraindik. Gu ez gara epaileak, baina 800.000 kaltetutik gora ditugu eta justizia merezi dute. Eta ez dugu ahaztu behar 10.000 pertsonatik gora hil zirela kolerak jota. Nazioarteko komunitatea Haitiri begira dago, hedabideek interesa dute, baina nire buruari egiten diodan galdera honakoa da: nazioarteko komunitateak iraganeko akatsak errepikatuko ote ditu?

Haitiarrak euren lurraldearen eraikuntzaren aktore bihurtu behar ditugu, ezin dira ikusle huts izan. Hori izan da nazioarteko komunitatearen beste akats bat; haitiarrei protagonismoa eman beharrean, bigarren maila batean jarri ditu. Lehentasuna, orain, 2010eko lurrikarak eta 2016ko urakanak etxerik gabe utzi dituen milaka pertsonei etxebizitza eskubidea bermatzea da, eta horren ardura ez da soilik Estatuarena, nazioarteko komunitatearena ere bada. Gure erronka azpiegituren eta eskubideen alorretan Haitiren prestakuntza maila hobetzea da; aldiz, krisi politikoaz gain, natur hondamendien ondorioak ere baditugu eta hori oso konbinazio toxikoa da.

«Zer geratzen zaie?», galdetu du MSFko koordinatzaileak

Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez, Matthew urakana gertatu eta bi hilabetera desplazatuen bizi-baldintzek okerrera egin dute. Oraindik ere, milaka pertsona behin-behineko kanpalekuetan bizi dira, janaririk edo ur horniketarik gabe. Urruti kokatuta dauden komunitateetara laguntza ez da iritsi. Sud eta Grand’Anse departamentuetan, «bizi-baldintzek nabarmen egin dute okerrera». Astebetean, bost urte baino gutxiagoko 163 haurri eman diete laguntza MSFk aipaturiko departamentuetan dituen klinika mugikorretan. Arnas arazoak zituzten. Haurren %5 pneumonia eta bronkitisa jota zeuden. «Gaixotasun horiek aterpe egoki bat ez izatearen ondorio dira. Gauean, zonalde menditsuetan, hotz handia egiten du, eta, maiz esan bezala, ez dute hotzari aurre egiteko aterpe nahikorik. Beste ume batzuek beherakoa edota larruazaleko gaixotasunak dituzte, ur edangarririk ez dutelako. Ur horniketa arazo kronikoa zen Haitin, baina urakana eta gero areagotu egin da», azaldu du Chiara Burzio MSFko koordinatzaileak. Hego-mendebaldean dagoen Port-a-Piment izeneko herriko osasun etxean, egunean batez beste kolerarekin kutsatutako zazpi pertsona jasotzen dituzte.

MSFren web orrialdean, Elisabetta Maria Fagak, larrialdietako koordinatzailea Haitin, bere esperientzia idatzi du nazioarteko komunitatearen arreta bereganatzeko eta egoeraren larritasunaz ohartarazteko. «Port-a-Pimentera iritsi nintzenean egoera mingarria eta kaotikoa zen. Paisaia txikituta zegoen, eta, jendea, etsita. Ez zegoen elkar komunikatzeko modurik. Pertsona batzuek desagertutako senideak bilatzen zituzten hondakinen artean. Beraien etxebizitzak nola gelditu ziren erakusten ziguten; kasu batzuetan torloju batzuk besterik ez ziren gelditzen, edo pareta bat soilik. Hala ere, euren etxeak bizi-bizi zituzten pentsamenduan; ‘begira, hori nire gela zen, eta beste hori, sukaldea, eta horkoa, egongela…’ Deskribapen horiek zeharo hunkitu ninduten», azaldu du Fagak bere idazlanean. «Urak Baraderes hiriko inguru guztiak hartu zituen. Bertako osasun etxe asko erabili ezinik gelditu ziren. Haitiar asko euren etxeen hondakinekin aterpeak eraikitzen hasi ziren. Baina ez zuten material eta erreminta egokirik horretarako», gaineratu du.

«Putzu batzuk itsasoko urarekin kutsatu ziren eta beste batzuk zaborrarekin. Egun horietan egon ziren lur-irristatzeek bailaretan dauden iturrietako ura kutsatu zuen. Jendeak kloro-pastillak eskatzen zizkigun». Fagak konpromiso askoz handiagoa eskatu du. Nazio Batuek egin zuten laguntza deialdia, adibidez, ez da bete. «Adostutakoaren %28 soilik bildu da, herritarren beharrak areagotzen ari diren bitartean. Kolerari aurre egiteko baliabide gehiago behar ditugu, infekzioak gutxitzeko bereziki. Ur edangarria eskura izatea funtsezkoa da. Kloro-pastillak behin-behineko konponbidea besterik ez dira. Horniketa sistemak lehenbailehen konpondu behar dira: jendeak kutsatutako iturriak erabiltzen ditu, beste irtenbiderik ez du-eta», plazaratu du MSFko koordinatzaileak.

«Herrixketara iritsi ahal izatea erronka izugarria da; sarbideak konpondu gabe daude. Kostaldearen beste aldean, bailarak daude. 2.500 metroko mendiak ditugu erdian eta mendi horietan hamaika herrixka daude. Horietara iristea ia ezinezkoa zaigu, errepideetako egoera tamalgarria baita. Zuhaitz enbor erori ugari daude. Eskura ditugun garraiobide guztiak erabili behar ditugu; motorrak, autoak, helikopteroak... edo zuzenean oinez joan. Toki batzuetara material medikua eraman ahal izateko astoak alokatu ditugu. Kamioiak ezin dira pasa errepide edo autopista jakin batzuetatik. Nippesen bi errepide nagusietatik bat berriro zabaldu dute, aurrerapauso izugarria da hori, laguntza eramateko eta bertakoak mugitu daitezen. Hala ere, urrutiago dauden guneetara iristeko ahalegin handiagoa behar da. Burura etortzen zaizkit oraindik laguntzarik jaso ez duten horiek, bereziki adinekoak. Ez dakigu deus ere beraiez. Ez dakigu zaurituta ote dauden, aterperik duten... Zer geratzen zaie?», galdetzen du Fagak.

Dominikar Errepublikako Gurutze Gorriak bat egin du MSFren laguntza deialdiarekin. Azken lau asteetan 70.000 ur litro banatu ditu. «Matthew urakanak Haitiko kostaldea hain gogor kolpatu zuenean, ohartu ginen ur edangarriaren horniketa erronka nagusietariko bat izango zela eta Haitiko Gurutze Gorriak bere kabuz bakarrik ezingo ziola egoerari aurre egin», adierazi du Gustavo Larak, Gurutze Gorriaren zuzendari exekutiboa Dominikar Errepublikan. Santo Domingo eta Puerto Principe artean sei ordu besterik ez daude autoz.

Haitik dituen hamar milioi biztanleetatik, 1,5 milioi baino gehiagok behar dute laguntza. 750.000 lagunek ez dute ur edangarririk ere.