Ainara Lertxundi

Tirabira diplomatikoek eta gatazkek markatutako agintaldi amaiera izan du Ban Ki-moonek

Ban Ki-moonek Nazio Batuetako idazkari nagusia izateari utziko dio abenduaren 31n. Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatari Antonio Guterresek ordezkatuko du. Urte zaila utziko du atzean korearrak. Siriako gerrak, Marokorekin Sahara dela-eta izan zuen ika-mikak edo errefuxiatuen krisialdiak markatu dute bere agintaldiaren amaiera.

Hamar urtez, Ban Ki-moon Nazio Batuetako idazkari nagusia izan da. Bere agintaldia ez da xamurra izan, batez ere, bukatzen ari den urtea. Marokorekin, Israelekin eta Saudi Arabiarekin liskarrak izan ditu. Horrez gain, Siriako, Yemengo eta Hego Sudango gatazka armatuak amaitzeko egindako saiakerek porrot egin dute. Kasko urdinen kontrako sexu-abusu salaketek ere gogor kolpatu dute Ban Ki-moon. 2015ean 99 salaketa jaso zituzten Nazio Batuetako ordezkariek 21 herrialdetan. Horietatik 69 bake misioetan esku hartzen ari ziren soldaduen kontrakoak izan ziren eta 30 Nazio Batuetako funtzionarioen aurkakoak. Abusu gehienak Afrikan gertatu ziren, batez ere, Afrika Erdiko Errepublikan. Baina Haitin ere izan ziren kasko urdinen aurkako sexu-esplotazio salaketak.

New Yorken egoitza duen Aids Free World gobernuz kanpoko erakundeak gogora ekarri duenez, 2007tik hona milatik gora salaketa egon dira. «Zer egin dute Nazio Batuek? Neurriren bat edo beste hartzen duen itxurakeriaren azpian, nagikeria besterik ez dago», gaitzetsi du.

Ban Ki-moonen kritikoek bere lidergo falta, Siriako gerrarekin amaitzeko gaitasun eza eta Nazio Batuek izan duten idazkari nagusi txarrena izan izana leporatzen diote, are gehiago, bere aurrekoaren, Koffi Annen, karisma eta protagonismoa kontuan hartuta. Irakeko inbasioa «legez kanpokoa» izan zela salatu zuen Annanek, besteak beste. James Traub adituaren iritziz, Ban Ki-moon «Annanen karisma apaltzeko» aukeratu zuten.

Ekialde Hurbileko egoera korapilatsuak eta tirabira diplomatikoek markatu dute Ban Ki-moonen agintaldiaren azken urtea.

Martxoan, sahararren egoera gertutik ezagutzeko asmoz, Tindufeko kanpamenduetan izan zen Ban Ki-moon, Marokoren haserrea piztuz. Oraindik bizirik zen Mohamed Abdelaziz Fronte Polisarioko idazkari nagusi historikoarekin bildu zen –maiatzaren 31n hil zen minbiziz–, baita gazteekin ere. Sahararen amorru eta haserreak hunkitu egin zutela aitortu zuen Ban Ki-moonek. Sahararrek 40 urte daramatzate erbestean, bizi-baldintza oso gogorrak pairatuz desertuan. Familiak hainbeste urtetan banatuta egotea mingarria dela adierazi zuen. «Egoera hau onartezina da», esan zuen. Nazioarteko komunitateari «sahararrek espero duten bezala jokatzeko» eskatu zion.

Marokoko Gobernuaren haserrea

Sahararen «okupazioa» salatu izanak Marokoko Gobernuaren protesta eragin zuen. «Ban Ki-moonen adierazpenak iraina dira Marokoko Gobernuarentzat eta herriarentzat. Fronte Polisarioaren xantaiari men egin dio», aditzera eman zuen komunikatu batean. Askatutako lurraldeetan Fronte Polisarioaren agintepean den Bir Lahlu herrira egindako bisita gogor gaitzetsi zuen Marokok. Nazio Batuetako misioaren (MINURSO) kideekin ere elkarrizketatu zen martxoaren 5ean. Independentziaren aldeko banderak astindu zituzten saharar errefuxiatuek Ban Ki-moonen bisita aprobetxatuz. Rabatek barkamena eskatzea exijitu zion eta Nazio Batuetako nahiz Afrikako Batasuneko 84 langile kanporatu zituen Marokotik errepresalia gisa. Bere kontrako manifestazio erraldoia ere antolatu zuen.

Ekainean, Nazio Batuek gatazka testuinguruetan umeak erasotzen dituzten herrialdeen zerrenda osatu zuen. Saudi Arabia sartu zuen, herrialdeak gidatzen duen koalizioak Yemenen egindako aire erasoengatik. Egun gutxira, zerrendatik kendu behar izan zuen Saudi Arabiaren izena. Korearrak aitortu zuenez, Saudi Arabiak Nazio Batuek kudeatzen dituzten hainbat programa humanitarioentzako ematen duen diru-laguntza kentzearekin mehatxu egin zion baldin eta herrialdea zerrendatik kentzen ez bazuen. «Arriskuan dauden milioika umeen etorkizuna etorri zitzaidan burura. Nire barruan dilema bat sortu zen», azaldu zuen.

Irailaren 20an, Nazio Batuen Batzar Nagusian, nazioarteko agintariak agurtu ostean, inoizko diskurtsorik gogorrena bota zuen. «Siriako gerran alde guztiek basakeriak egin dituzte zibilen kontra. Gela honetan bertan, basakeria horietan partaide izan diren gobernuetako ordezkariak ditugu, edo gehiegikeria horiek baimendu, antolatu eta finantzatu dituztenak. Gela honetan dauden askok eskuak odolez zikinduta dituzte», salatu zuen tinko. Hego Sudani herria «traizionatzea» leporatu zion; Ipar Koreari «herritarrak egoera latzean dauden bitartean froga nuklearrak egitea», eta Baxar al-Assad Siriako presidenteari «zibil gehien hil dituen» agintaria izatea. Alepora laguntza humanitarioa eramaten zuen kamioi ilarari eraso egin ziotenak «koldar» hutsak direla nabarmendu zuen. Bere hitzetan, «ankerkeria mota guztiak ikusi ditugula uste dugunean, aurrekoa gainditzen duen zerbait gertatzen da».

Marokorekin, Israelekin edo eta Saudi Arabiarekin izaniko liskarren ondotik, lan egiteko «independentzia» aldarrikatu zuen. «Estatuek ez lituzkete Nazio Batuek egindako proposamenak blokeatu behar. Hori sarri ikusi dugu. Adostasunaren izenean, estatu gutxi batzuek, batzuetan bakarrak, sostengu zabala duten ekimenak atzera bota dituzte». Hala, herri bakar batzuek «hainbeste botere» edukitzea kritikatu zuen –bost herrialdek dute beto eskubidea–, hori «neurriz kanpokoa baita». Segurtasun Kontseiluaren funtzionamendua aldatzeko beharra nabarmendu zuen.

Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, giza eskubideen defentsa egin zuen Ban Ki-moonek, «guztion onurarako» baitira: «Pertsonen ongizatea eta gizarteen egonkortasuna bermatzen dute». Giza eskubideak Nazio Batuen «nortasuna eta ardatza» direla nabarmendu zuen. Gatazka armatuak, behar humanitarioak eta gorrotoaren diskurtsoa areagotu direla ohartarazi zuen. «Giza eskubideen alde lan egitea estatuen ardura nagusietakoa izan beharko litzateke», gaineratu zuen, xenofobia eta «bestearekiko beldurra» gizartean errotzea helburu duten politikariak salatuz. Harresiak eraiki beharrean komunitate desberdinen arteko zubiak eraiki beharko lituzketela adierazi zuen.

 

Guterresek erreformak egingo ditu erakundea hobetzeko

Antonio Guterres Nazio Batuetako Iheslarientzako Goi Mandatariak ordezkatuko du Ban Ki-moon urtarrilaren 1etik aurrera. Astelehenean zin egin zuen kargua Portugalgo lehen ministro ohiak. Nazio Batuen funtzionamendua hobetzeko sakoneko erreformak egingo dituela aurreratu zuen. «Nazio Batuak prest egon behar dira aldaketak egiteko. Bitartekaritza, arbitraje eta krisiak aurreikusi eta horiek ekiditeko diplomazia gehiago behar dugu. Prest nago pertsonalki horretan saiatzeko», esan zuen.

Siriako auzia gertutik ezagutu arren, Guterresek ez zuen argitu erabiliko duen estrategia. Aktore armatuen artean «konfiantza eraikitzen» lagundu nahi duela esan zuen soilik.

Guterresen ustez, testuinguru batzuetan, kasko urdinei «berez ez dagoen bake baten zaintza» egokitu zaie. Horregatik, Nazio Batuen misioen gaineko «hausnarketa sakona» egitea eskatu zuen.

Burokraziari baino, Nazio Batuek pertsonen beharrei gehiago erreparatu behar dietela adierazi zuen. «Eraginkor eta azkarragoa izan behar luke», gaineratu zuen. «Gutxienez bederatzi hilabete behar dira norbait lekuren batera bidaltzeko», kritikatu zuen.

AEBetan Donald Trumpen garaipenari eta Europan xenofobiaren gorakadari aipamen eginez, «beldurrak pertsona askorengan duen eragina» deitoratu zuen. «Herritarren eta tokian tokiko nahiz nazioarteko buruzagien arteko harremanak berreraikitzeko garaia da», esan zuen.