GARA
IRUÑEA

Danonek hainbat abeltzain nafarren esnea ez jasotzea gaitzetsi du EHNEk

Danonek Baztan eta Larraun bailarako hainbat abeltzainen esnea jasotzeari uko egingo diola jakinarazi du EHNEk. Esne kuoten ekoizpen eredua bertan behera geratu zenetik, «industriek abeltzainak nahi moduan maneiatzen dituztela» salatu du sindikatuak.

Larraun eta Baztan inguruko zazpi abeltzainek bizi duten egoera larriaren berri eman du EHNEk. Jakinarazi duenez, esnea ekoizten duten baserritar hauek esnea bilduko dien enpresarik gabe geldituko dira. «Hiru hamarkadaz hutsik egin gabe Danone enpresari esnea entregatzen jardun ostean, enpresa honek apiriletik aurrera beraien esnea ez duela bilduko adierazi die. Modu honetara, marka honek atsekabeak ugaritu ditu (eta ez irribarreak, marka honen azken iragarkietan ikus daitekeen moduan) esnea ekoiztea ogibide duten familia hauetan», gaitzetsi du sindikatuak.

Agertu duenez, duela hilabete batzuk jakin zuten abeltzainek Danonek ez diela esnea berriz bilduko. Guztira, 14.000 litro esne (bi egunetik behin) ekoizten dituzten zazpi abeltzain dira egoera honetan daudenak. «Egun batetik bestera, Danonek ustiategi ertain eta txikien lana albo batera utzi eta handiek ekoizten duten esnea biltzera jotzeko erabakia hartu du. Azken horiei, gainera, esne litro gehiago ekoizteko eskaera egin die».

EHNEk dio «berriro ere» agerian geratu dela 2015eko apirilean esne kuoten sistema bertan behera geratu zenetik abeltzainek bizi duten ahulezia nabarmena. Azken erabaki horren ondorioz, kaltetutako zazpi baserrietatik hiruk esnea ekoizteari utzi diote. Nekazaritza ustiategien erroldako datuen arabera, azken urteotan esne ekoizpenera zuzendutako ehun baserritik gora galdu dira herrialdean: 2005ean 269 baserri zeuden eta orain 160 gelditzen dira.

Sindikatuak azaldu du lanean hasi dela baserritar hauentzat irtenbide bat bilatzeko. Hasteko, gainontzeko esne industriei bertan ekoizten den esnearen aldeko apustua egin dezatela eskatu dio, publizitate kanpainetan hainbestetan erabiltzen duten bertako esnearen alde eginez.

Esne ekoizleen artean elkartasun eta laguntzarako deia ere egin du. Eta familia-enpresa txiki eta ertainon lanpostuek aurrera egin dezaten eta egoera berdinean aurki daitezkeenek ere irtenbidea izateko nafar Gobernuari «dituen tresna guztiak» abeltzainen esku jartzeko eskatu dio. Erakundeek bertako nekazaritza politikak bultzatu behar dituztela aldarrikatu du, Europatik merkatuaren arau-gabetzea bultzatzen duten neurrien kalteak gutxitzeko.