NAIZ
BILBO

Lan istripuak ekiditeko «borondate eza» leporatu die gehiengo sindikalak erakundeei

Aurten lan istripuetan hil diren 53 langileak oroitzeko ehunka lagun bildu dira gaur goizean Bilbon izandako manifestazioan. ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek deituta, izara zuri bana eraman dute hildako langileen oroitzapenez, eta krabelin gorriak utzi dituzte Confebask patronalaren egoitzaren aurrean.

Sindikatuek erakundeek lan istripuak ekiditeko erakutsitako borondate eza salatu dute. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)
Sindikatuek erakundeek lan istripuak ekiditeko erakutsitako borondate eza salatu dute. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

2016 honetan lan istripuetan zendu diren 53 langileak gogora ekarri dituzte Bilbon egindako mobilizazioan. ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek deituta, izara zuriak eraman dituzte hildako langileen omenez, eta Confebasken egoitzaren atarian krabelin gorriak utzi dituzte.

Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiak prekarietatea aipatu du lan istripuak gehitu izanaren zergati nagusi gisa, eta Hego Euskal Herriko gobernuen jarrera salatu du, izurri honi aurre egiteko borondaterik ez dutelako: «Prekarietatea, enpleguaren kalitate txarra eta neurri egokien gabezia dira lan istripu eta gaixotasunen arrazoi estrukturalak».

Era berean, Muñozek kargu hartu die Euskal Herriko gobernuei lan osasunean egin dituzten murrizketengatik. «Gastua ia hutsean geratu da; ez da BPGaren %0,020ra ere iristen. Arlo honetan ere gobernuek ez dute patronalaren interesen aurkako erabakirik hartu nahi. Ez dago benetako kontrolik, ez ikuskatzerik, eta ez da disuasio-zigorrik ezartzen».

Era berean, LABeko idazkari nagusi den Ainhoa Etxaidek borondatea eskatu die erakundeei lan heriotzak saihesteko. «Erakundeak beste alde batera begira ari dira lan istripuen aurrean», salatu du. «Ekidin zitezkeen heriotz asko gertatu dira lan munduan. Hauxe da sindikalismoak, edozein langilek, egin dezakeen salaketarik bortitzena», azpimarratu du.