Maider IANTZI

Hegan egiten lurrean ikasteko makina esklusiboa garatu dute

Delta hegalean eta parapentean hegan egiten ikasteko sistema esklusibo bat sortu dute elkarrekin Bidasoa Hegaldi Eskolak eta Andoaingo La Salle Berrozpe Ikastetxeak. Hagitz emaitza onak izan ditu eta txinatarren eta korearren artean ere piztu du interesa.

Egileak aurkeztuko dizkizuegu aurrena: Jorge Ibargoyen, Bidasoa Hegaldi Eskolaren sortzailea, %100 hegaldi teknikaria; Asier Elejoste, Andoaingo La Salle Berrozpe Ikastetxeko irakaslea (eta, lehenago, bertako ikaslea), %100 ingeniaria; eta Jon Bravo gaztea, unibertsitatetik atera berria, gauzak egiteko gogotsu. Hegaldiek zoratzen dute eta hegaldi libreren bat ere egina da. Hortaz, bera izan zen hasieran bi irakasleen arteko zubia.

Agertokia, La Salle Berrozpe Ikastetxea. Pasilloetan barna goazela kristalen bertze aldean ikusi ditugu ikaslez betetako gelak. Makinekin edo ordenagailuekin ari dira lanean batzuk. Bertzeak, kontzentratuta paperean idazten edo marrazten. Ia denak mutilak dira oraindik, nahiz eta neska gutxi batzuk ere izan. Aitzinerago aipatuko dugu gai hau.

Bidasoa Hegaldi Eskola 1980an sortu zuen Ibargoyenek. 1992an SMAAP izeneko proiektua garatzen hasi ziren, Delta Hegal Parapente Sistema Mekanizatu Automatizatua. Azken urteetan behin betiko makina automatizatu eta on bat diseinatzeko beharra sumatzen zuten. «Orain arte ingeniariek ez gaituzte gehiegi konbentzitu –aitortu du–. Oso industrializatua zegoen dena. Produktuak enpresaren funtzionamenduaren barruan egon behar zuen. Hortik pixka bat ateratzeko eta makina bat neurrira egiteko zailtasunak izan ditugu. Guk makina berezi bat behar dugu parapente eta delta hegaleko pilotuak formatzeko, baita formatzaileak prestatzeko ere», esplikatu du.

Makinarekin asmatu, presarik gabe

Elejoste ezagutu zuenean, hark Bravo ikaslea aurkeztu zion, karrera amaierako proiektua egin behar zuena. «Asko gustatu zitzaidan ideia. Ingeniaria ere bai –oroitu du hegaldi eskolako irakasleak–. Elkarrizketa atsegina izan genuen eta argi ikusi nuen: ‘Ez dugu presarik, baina makinarekin asmatu behar dugu’. 1977tik daramat hegan eta ikusten dut gure bidea egiten ari garela produktu on bat merkaturatzeko eta arazorik gabe munduan zabaltzeko. Kontent nago».

Joan den irailean hasi ziren elkarlanean. Bidasoa Hegaldi Eskolan orain arte erabili izan duten makina ikusi, eta bilera ugari egin zituzten. «Gu ingeniariak gara, badugu gaitasuna makina hori garatzeko, baina zu zara profesionala, zuk dakizu zein behar dituzun», erran zioten Ibargoyeni. Hortik abiatuta, makina berriro marraztu zuten eta hegaldi teknikariak zein hobekuntza nahi zituen jakinarazi zien. Prototipoaren eboluzioa hagitz handia izan da. Hasieran poste bat zen beso batekin. Hegaldi irakasleak buelta aunitz ematea nahi zuen eta horrek oreka arazo bat sortzen zuen. Eramangarria izatea ere eskatzen zuen eta hori ere zaila zen, homologazio europarra behar delako. Erronka horiek guztiak gainditzen joan dira. Proiektu hagitz konpletoa izan da.

Hasieratik izan dute garbi ez dela makina itxi bat; irekita dago bururatzen ahal zaizkien hobekuntza guztiak egiteko, bai Bidasoa eskolakoen ideiak gauzatzeko eta bai gero merkatuan zabaltzen denean behar diren aldaketak egiteko. Asmoa da makina zabalik gelditzea ideia guztiak aplikatzeko. Errealitate birtualeko betaurrekoak ezartzeko, adibidez, aparatuarekin gai izanen direlako hainbat parajetan zehar ibilbide eta hegaldiak simulatzeko.

Bravo Norvegian da Erasmus programarekin eta gure lehendabiziko Whatsapp bidezko elkarrizketa egin diogu. Audio batean galderak bidali eta modu berean jaso ditugu erantzunak. Hala kontatu digu: «Nire esperientzia oso ona izan da. Oso proiektu polita izan da eta oso gustura ibili naiz lanean bai Asierrekin eta bai Jorgerekin. Primerako proiektua atera zaigu, oso pozik gaude horrekin. Benetako gauza bat izatea eta aukera hau izatea izugarria izan da eta gogo handia dut bueltatu, makina fabrikatu eta probatzeko». Erantsi du uste baino gehiago ikasi duela. Hasieran ez dakizu nondik hasi, ez dakizu nola egiten diren gauza hauek, baina Asierrek asko lagundu zidan eta azkenean oso solte ibili ginen. Daukadan gaitasuna ikusi dut. Karrerari azken bultzada emateko oso ondo etorri zait».

Tresnarekin batera, metodologia

Makina formazioarekin batera erosiko da. Metodologia hagitz garrantzitsua da, eta, makina nonbait aplikatzen bada, bertan pertsona bat egotea metodologia hori menderatzen duena. La Salle Berrozpeko irakasleak, jada hegaldien munduan barneratua, aipatu du arazo bat dagoela: «Hegan egiten ikasteko onena aurrena lurreratzen ikastea da, gero hegan egiten, eta, azkenik, aireratzen. Hori ez da bideragarria. Lehenbizi aireratzen ikasi behar dute eta airean egoten dira hegan egiten eta lurreratzen jakin gabe».

Aldiz, Bidasoa eskolan 11 urte eman dituzte SMAAP metodologia garatzen, etengabeko prestakuntza oinarri hartuta. Sistema horrekin, hegan egiten ikasteko aurrena lurrean praktikatzen da. Simulatzailearekin formazioaren %70 egin daiteke. Horrek aunitz errazten die lana eskolei neguak gogorrak diren parajeetan, Europan nahiz Txinan. «Oztopo bat ere badugu, badirelako eskolak eboluzionatu nahi izan ez dutenak eta gure eskaintzari mesfidantzaz begiratzen diotenak. Frantzian gertatu zaigu. Nire formazio guztia bertan egin nuen. Baina uste dut denborarekin eragozpen hori gainditzen joango garela, dagoeneko jendea etortzen ari zaigulako interesa agertuz», kontatu du Ibargoyenek.

Baieztatu duenez, kirol mailan emaitzak benetan onak dira parapentean zein delta hegalean. «Badakigu SMAAP berriarekin metodologia zabaltzen ahalko dugula, teknikoki ere bai. Lan esparru oso interesgarri bat dugu zabalik».

Gaineratu du sistemak emakumeen merkatu hagitz inportante bat irekitzen duela, neke fisikoan eta indarrean baino gehiago teknikan zentratzeko aukera ematen baitu. «Proiektuaren zuzendari teknikoa emakume bat izatea nahiko genuke».

Horren garrantzia azpimarratu du Jon Iartzak, elkarrizketara bildu zaigun La Salle Berrozpeko kudeatzaileak. Lanbide Heziketan duten arazo larrietako bat neskak erakartzeko eta sartzeko zailtasuna dela jarri du mahai gainean.

Segurtasuna da sistemaren bertze abantaila bat. Gainera, ordu bakoitza ordu bateko ikasketa da. Bertzela, 5 segundoko hegaldi txiki bat izaten da eta ondotik 15 minutu ematen dira gauzak jasotzen. Arlo honetan dabilen jendeak dio sumatzen dela, gehienbat segurtasun aldetik, nork ikasi duen makinarekin eta nork ez.

Badituzte ikasleak erraten dietenak makinan ikasi nahi dutela hegan, segurtasuna zainduz. Neska-mutil gazteak eta ez hain gazteak etortzen zaizkie, bertakoak eta bertze herrialdeetakoak. Gero eta emakume gehiago.

«Hegaldiena merkatu informala da eta zailena formazio sistema ongi lotua izatea da. Horregatik diot uste dudala zailena lortu dugula. Merkatuan ez dagoen makina bat, esklusiboa, Gipuzkoan garatua. Hortik abiatuta gure produktu propioak garatzeko gai izan beharko genuke». Pasioz mintzatzen da Bidasoa eskolako irakaslea etorkizunaz. «Denborarekin gure ikasleak izango dira frankiziak sortuko dituztenak».

Korear eta txinatarren interesa

Korearrak etorri zaizkie bisitan makina ikustera, baita frantziarrak ere. Gainera, Jorge Ibargoyenek Txinara bidaiatu du, bertako inbertitzaileek interesa dutelako. «SMAAP sistemarekin formatu nahi dute. Merkatua izugarria da eta ikusi beharko dugu nondik hasi». Korearrek, aldiz, presa sartzen zieten. Baina gauzak ongi egin nahi dituzte gipuzkoarrek, garrantzitsua da eurentzat merkaturatu baino lehen produktua guztiz garatua egotea.

«Egiturak erabat definituta egon behar duela uste dugu eta fase horretan gaude. Makina Gipuzkoan fabrikatuko da eta Errioxako enpresa batek homologatuko digu nazioartean mugitzeko. Orain atsedenaldian daude, Jon Erasmusen dagoela aprobetxatuz. 24 orduz makinan pentsatzen egon gara ia eta pixka bat utzi eta udan berriz heltzea da asmoa, ikuspegia aldatu ohi delako», esplikatu du Elejostek.

Fabrikatzen urte amaieran hasi, eta 2018rako prototipoa errealitate bilakatzea espero dute. Ibargoyenek dio garrantzitsua izanen litzatekeela pixka bat hegan egiten ikastea bai Bravok bai Elejostek, bertze ikuspegi bat emanen liekeelako. «Horretaz konbentzitu behar duzue!», animatu du ondoan duen irakaslea. Denak gustura dira emaitzekin zein tratuarekin. Eta, erran beharrik ez da, karrera amaierako proiektuan 10 atera du Jon Bravok.

 

LANBIDE heziketaren eta enpresa txikien arteko erlaziotik proiektu handiak sortzen dira

Delta hegalaren eta parapentearen prototipoaren proiektua Lanbide Heziketaren eta enpresen arteko harreman estu eta emankorraren adibide da. Lanbide Heziketako eskolak eta lantegiak hurbil egotea erabat naturala da, baina orain bertze urrats bat eman da. Jon Iartza La Salle Berrozpeko kudeatzaileak agertu duenez, «azken urteetan konturatu gara gure eginkizuna ez dela soilik irakaskuntza edo langileen birziklapena, baizik eta enpresa txikiak. Horiek aholkulari lanak egitea eta zerbitzuak ematea eskatzen digute. Bide horretan garrantzitsua da Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak baliabide batzuk jarri izana elkarlana gauzatzeko. Horri esker salto kualitatibo bat eman du erlazioak eta egun proiektu handiak garatzen ari gara enpresetan».

Irakasleak esperientzia hartzen joaten dira enpresen benetako erronketan barneratuz, eta ikasleei transmititzen diete guztia. Ikasleek ere parte hartzen dute. Hagitz aberasgarria da.

«Produkzioak automatizatzen ibili gara, lan hori izango da ohikoena. Baina ikusgarriagoak ere badira. Mikrobiologiako enpresa batentzat ama zelulak eta minbizia zelulak sailkatzeko makina bat egin dugu. Gure euskarri teknologikoa edozein arlotara zabaltzen da», erantsi du Asier Elejoste irakasleak.

Lanbide Heziketako zentroetako langileek enpresak bisitatzen dituzte prestakuntzaren jarraipena egin eta programa duala segitzeko. Komertzial gisa ere ibiltzen dira ematen dituzten zerbitzuak azalduz. Hala sortzen dira bien arteko egitasmoak.M.I.