NAIZ

Bilboko Aratusteak, egitarau oparoa abordatzerako prest

Ibaizabalgo itsaslapurrez mozorrotuta, Aratusteen egitaraua zabala aurkeztu dute gaur Bilboko Jai-batzorde mistoaren kideek, Itsas Museoan. Bertan izan dira Itziar Urtasun, Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzia; eta konpartsetako ordezkariak, besteak beste.

Pirataz mozorrotuta egin dute egitarauaren aurkezpena. (Aritz LOIOLA / ARGAZKI PRESS)
Pirataz mozorrotuta egin dute egitarauaren aurkezpena. (Aritz LOIOLA / ARGAZKI PRESS)

Otsailaren 18tik 28ra bitartean ospatuko dira Bilboko Aratusteak. Jai-batzorde mistoak gaur egin duen agerraldian azaldu duenez, «duela hiru urte abiatu genuen asmo handiko Aratusteen eredua, eta sendotze-bidean dagoen altxorra dugu jada».

Ekitaldi andana izango dira adin eta gustu ezberdinentzako. Otsailaren 18an, larunbata, kopla txikien lehiaketa izango da, Zabalguneko Eraikinean. Ekitaldi horrekin abiatuko dira aurtengo Aratusteak.

Aurkezpenean, Bilboko mozorro tradizionalak etxean prestatzeko deia egin dute eta otsailaren 24an, ostirala, mozorro horiek jantzita Farolin eta Zaranbolasi Plaza Barrian egingo dieten epaiketara joan daitezela proposatu dute.

Otsailaren 25ean, egun osoan zehar kaletik ibiltzeko deia egin dute. Izan ere, Aratusteek erdigunea hartuko dute egun osoan zehar. Kale Nagusia sukalde erraldoi bilakatuko da, eta, gainera, hamaika ekitaldiz beteriko programa osatu dute inguru horretako hainbat gunetan: umeentzako tailerrak, kontzertuak, fanfarre eta erraldoiak, mozorroen kalejira-lehiaketa…

Horrez gain, aski ezagunak eta ospetsuak diren bestelako hamaika proposamen gogoratu dituzte: pontxe- eta torrada-txapelketa; eguen gizeneko Zazpi Kaleetako kontzertuak; bariku meheko eskolen desfilea; neguko giroa eta sabelak epeltzeko sasoi betean dauden bertoko indaben domekako txapelketa; asteleheneko Plaza Barriko familientzako kontzertua; eta asteartean, «negar eta su artean, gure sardina maiteari egingo diogun agurra».

Bestalde, agerraldian argi utzi dute ez dutela onartuko emakumeon aurkako erasorik mozorro artean ezkutatzerik eta Bilboko Konpartsekin eta Udalarekin elkarlanean dabiltzan eragile guztien lana goraipatu eta eskertu dute.

Egitarau-liburuxkak doan eskuratu ahal izango dira taberna, udaltoki eta abarretan.