NAIZ
BAIONA

Villepinteko espetxera elkartasuna eramateko martxa egingo dute hilaren 25ean

Azaroaren 18az geroztik mitard edo zigor ziegan dauden Igor Uriarte eta Arkaitz Agirregabiriari elkartasuna adierazteko martxa antolatu dute otsailaren 25erako. Epaileak eta prokuradoreak bi presoak lekuz aldatzeari argi berdea eman dioten arren, berririk ez dute oraindik.

Agirregabiria eta Uriarteri elkartasuna adierazteko elkarretaratzea Bilbon, iragan abenduan. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Agirregabiria eta Uriarteri elkartasuna adierazteko elkarretaratzea Bilbon, iragan abenduan. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Azaroaren 18tik daude Uriarte eta Agirregabiria Villepinteko espetxeko zigor ziegan. Egun horretan jaso zuten bi presoek ziega berean batera instalatzeko agindua. Ziega partekatzeak dituen mugengatik uko egin zioten eta mitard-ean sartu zituzten.

Kazetak, Clara Rouget presoen abokatuaren informazioa aipatuta, azpimarratu du bi presoak lekuz aldatzeari oniritzia eman diotela epaileak eta prokuradoreak, baina oraingoz ez dakite noiz eta nora eramango dituzten.

Hala, bi presoei elkartasuna adierazteko martxa egingo dute hilaren 25ean. Datozen egunetan emango dituzte ekimenari buruzko xehetasun gehiago.

Senideek nabarmen dute bi presoak «animatuta» daudela, baina zigor ziegan bizi baldintza gogorrei aurre egin behar dietela.

«Zigor ziegetan jarraitzeak, nahiz eta destino berria egokitu zaien, haienganako mendekua erakusten du», martxa antolatu duten lagunen iritziz, eta gainerako presoak ohartarazteko modu bat ere izan daitekeela esan dute.

Villepintera egingo duten bidaiarekin argi utzi nahi dute presoak «ez daudela bakarrik».