NAIZ
BILBO

Eskubide Sozialen Kartak babes sozialerako sistema duin bat aldarrikatuko du apirilaren 1ean

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak dei egin die herritarrei apirilaren 1ean Bilbon eginen duten mobilizazioan parte hartu dezaten. Bertan babes sozialerako euskal sistema «integral, duin eta kalitatezkoa» aldarrikatuko dute, baita «2008ko legea betetzearen alde %8ko igoera» eta murrizketak bertan behera uztea.

Eskubide Sozialen Kartak apirilaren 1erako deia egin du. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Eskubide Sozialen Kartak apirilaren 1erako deia egin du. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten sindikatu eta eragileek agerraldia egin dute Bilbon, eta manifestazioa deitu dute apirilaren 1erako. 17:30ean, mobilizazioa Jesusen Bihotzetik abiatuko da ‘Eskubide sozialen defentsan, murrizketarik ez’ lelopean.

Azken urteetan herritarren eskubideak «murriztu» egin direla azpimarratu dute, eta emakumeen eskubideak «bereziki erasotuak» izan direla nabarmendu.

Era berean, «politika antisozial hauekin batera areagotu egin dira prestazio sozialak jasotzen dituen jendea kriminalizatzeko kanpainak», salatu dute. «Eskubide beharko lukeena ustezko delitu gisa aurkezten da».

Honen aurrean Eskubide Sozialen Kartak babes sozialeko euskal sistema «integrala, duin eta kalitatezkoa» aldarrikatu du. Zentzu honetan Lakuak duen ardura ez dute alde batera utzi ere. «Eusko Jaurlaritza ezartzen ari den politika antisozialek biztanleria oro har pobretu egiten du, aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa da, areagotzen ari dira langabezia, prekaritatea, pobrezia eta ezberdintasun ekonomiko eta sozialak, ez baita egiten egoerari aurre egiteko politika publikorik, hots, ez dira pertsonen beharrizanak lehenesten».

Honela, EAEko aurrekontu proiektuaren harira, alderdi politikoei dei egin diete Gasteizko Legebiltzarrean hainbat aldaketa sar ditzaten: Alde batetik, «DBEri eta Lanbidek kudeatzen dituen beste prestazioei aplika diezaietela LGSak izan duen %8 igoera bera» eskatu dute. Eta bestetik, «indargabetu dezatela prestazio sozialen zenbatekoan %7ko murrizketa ezartzen duen xedapen gehigarria».