Asier AIESTARAN

Finalerdietako lehen puntua, Bengoetxea eta Larunberentzat (18-22)

6-0 eta 12-3 galtzen hasi arren, Olaizola eta Untoriaren aurkako partidari buelta eman eta 18-22 gailendu dira Iruñeako Labrit pilotalekuan.

Larunbe, Olaizola eta Bengoetxea Labriten. (Iñigo URIZ | ARGAZKI PRESS)
Larunbe, Olaizola eta Bengoetxea Labriten. (Iñigo URIZ | ARGAZKI PRESS)

Neurketa parekatua espero zen Binakako Txapelketako finalerdiei hasiera emateko, baina aurreneko zatian ez da batere berdintasunik izan. Aimar Olaizolak eta Alvaro Untoriak bikain ekin diote demari eta konturatzerako 6-0 eta 12-3 aurreratu dira. Pilota bizi batekin, Mikel Larunbek uste baino gehiago sufritzen zuen atzeko koadroetan, eta Olaizolak sekulako erakustaldia eman du: lan erditarako 9 tanto zituen eginak goizuetarrak –gehienak ikusgarriak–, pilota bakar bat ere galdu gabe.

Hortik aurrera, ordea, Mikel Larunbe nabarmen agintzen hasi da atzean, eta lan zailak tokatu zaizkio Alvaro Untoriari. Majo saiatu da errioxarra defentsa lanetan, baina aurkari bizkaitarrak irekitako zuloak bikain baliatu ditu Oinatz Bengoetxeak tantoa amaitu eta partidari buelta emateko. Arratsaldeko aurreneko berdinketa 15-15nakoa izan da, urdinak 15-16an jarri dira lehen aldiz aurretik, eta Leitzako aurrelariak zenbaki apartak sinatu ditu: guztira 14 tanto egin (3 sake) eta pilota bakarra galdu (partida ia bukatutzear zela).

Bihar jokatuko da lehen jardunaldiko beste partida Eibarren, Irribarria-Rezusta eta Elezkano II.a-Zabaletaren artean. Jaialdia 17.00etan hasiko da.